Hamalaugarren Euskal Jaiak batuta
Iazko etenaldiaren ostean badator berriro ere Kanpantxuko Euskal Jaia. Aurtengoa jaialdiaren hamalaugarren aldia izango da, eta bihar ospatuko dute, egun guztiko egitarauagaz.
Euskal jaia egun “oso berezia” da Kanpantxuko bizilagunentzat, herriko jaiez harago auzo horretan egiten den jai “bakarra” baita eta, ondorioz, “gogo handiz hartzen” baitute: “Adin ezberdinetako jendeak parte hartzen du, txikietatik hasi eta nagusietara arte; horrelako egunak batzeko aitzakia ere badira, egunerokotasunean ikusten ez garenok ere elkarrekin egoteko eguna”, azpimarratu du antolakuntza lanetan diharduen Ainhoa Odriozolak.
Ohituragaz jarraituz, txupinazoa botata ekingo diote jai egunari eta, Odriozolak gogoratu legez, umeak izango dira protagonista: “Eguna beti hasten dugu pregoi bezala euskal dantzak dantzatuz. Umeak animatzen ditugu pare bat euskal dantza ikastera eta horrekin hasten dugu jaia”.
Euskal Jaia egunez baserritar arropak jantzi bakarrik ez, baserriei ere bere lekua egin diete egitarauan. Izan ere, txupinazo ostean baserriz-baserriko poteo girotuan batuko dira: “Elektrotxaranga bat egongo da eta horrela ibiliko gara eguerdira arte, abesteko, dantzatzeko eta goiza giro onean igarotzeko”.
Herri bazkaria ere ez da faltako eta, aurreratu dutenez, 65 lagun inguru batuko dira: “Zenbaki polita da baina, argi dugu, asko beti ez dela hobeto. Gustura egotea da gustatzen zaiguna”. Hala, edonor ongi etorria izango bada ere, badakite ez dutela jende piloa behar ondo pasatzeko.
Arratsaldean “ume zein helduentzako” herri kirol saioa eta Kanta Geugaz egongo dira aukeran.
Bi urtetik behin. Kanpantxuko Euskal Jaia urteroko hitzordua izan da hainbat urtez. Iaz baina, “beherakada” antzemanda, etenaldia egitea erabaki zuten: “Askotan nekatu egiten gara betiko gauza berdinetaz eta horretatik, iaz ez egitea eta bi urterik behin antolatzea pentsatu genuen, ea gogo gehiagorekin hartzen genuen ikusteko”. Euskal Jaiak “lana” suposatzen du, eta antolakuntzatik “errelebo falta” sumatu dutela azpimarratu dute.