Eibar-Nabarniz mendi ibilbidearen 50. aldian batuko dira
Nabarniztarrez eta eibartarrez osatutako lagun talde baten Urriko Azken Astelehen aurreko zapatuko irteera gisa sortu zen Eibar-Nabarniz mendi ibilaldiak 5 hamarkada beteko ditu aurten, eta urriaren 24an [zapatua] ospatuko dute, “betikoari eutsita”, mendi martxa 50. aldiz eginez. Athletic Nabarniz lagunarteak antolatutako mendi irteerarekin bat egin gura dutenek urriaren 21a [eguaztena] arte dute 655 70 06 52 telefono zenbakira deituta izena emateko aukera.
Ohi legez, parte hartzaileek 06:00etan hasiko dute eguna, orduan hartuko baitute Eibar eta Ermua arteko mugara eramango dituen autobusa. Antolatzaileen aurreikuspenena arabera, gutxi gorabehera 07:00etan ekingo diote oinezko ibilbideari.
Mendizaleek 29 kilometro inguruko ibilbideari aurre egin beharko diote aurre, Trabakua, Zengotiagane, Oiz, Gambe, Astorkiaga, Kanpona eta Arrola igaro beharko baitituzte. Lehen partaideak Nabarnizera eguerdirako iristen hastea aurreikusten dute.
Nabarnizera iristean, egungo zein garaiko antolatzaileak zein ibilaldian parte hartu dutenak bazkaritarako batuko dira herriko jatetxe batean. Antolakuntzatik nabarmendu dutenez, arrazoi jakinen batik ibilaldia egiterik ez dutenek ere badutela eguerdian batzeko aukera. Edonola ere, 655 70 06 52 telefono zenbakira deituta jakinarazi beharko da.
Mendi irteeraren azken aldietan hamabost lagun inguru izan dira Eibar-Nabarniz tartea oinez egin dutenak baina, Athletic Nabarniz lagunartekoek nabarmendu dute “edonork” parte hartu dezakeela.