Landaketa denboraldia "ospakizun handiarekin" hasiko du Lurgaiak
Bertoko ondare naturalaren zati txiki bat jendarteak berreskuratzeko asmoz sortu zuten BBK basoa. Hori amesten zuen proiektu txikiari ekin zion Lurgaia Fundazioak, eta orain, haren hamargarren urteurrena ospatuko dute.
Hamar urtetan 36.446 zuhaitz landatu dituzte, eta euren berbetan, asko daukate ospatzeko eta eskertzeko. Horregatik, landaketa denboraldia “ospakizun handiarekin” hasiko dute oraingoan, eta horretan parte hartzeko gonbidapena luzatu dute. “Eskerrak eman nahi dizkiogu BBK Fundazioari, proiektu honetan oinarritutako konfiantzagatik, bultzadagatik eta baliabideengatik, eta, batez ere, eskerrak eman nahi dizkiegu era batera edo bestera euren babesarekin, ilusioarekin eta ekarpenarekin parte hartu duten pertsona guztiei”.
Hamargarren urteurrena urriaren 23tik 25era bitartean ospatuko dute. “Batzen gaituena egitea da ospatzeko modu onena: landatzea, partekatzea, ikastea eta egiten ari garenaren zentzua ulertzea”, adierazi dute Lurgaia Fundazioaren arduradunek. Beraz, landaketak egongo dira ospakizunaren erdigunean, eta data berezi horretarako erronka berezia ezarri dute: 1.500 zuhaitz landatzea. Horrez gai, hitzaldi didaktikoak eta photocalla egongo dira, eta proiektuaren ibilbideko zenbait mugarri eta oroitzapen errepasatuko dituzte: “Eta nola ez, zerbait jaten eta edaten eta topa eginez ere ospatuko dugu urteurrena”.
Hiru egun horietan 09:30ean elkartuko dira Muxikako Astelarra Auzoko aparkalekuan, Txori Errota jatetxearen aurrean, eta bertatik joango dira basora: “Mugikortasun-arazo handirik ez duten pertsonentzako jarduera da”. Saioak amaitzean, berriz, Autzagane jatetxera joango direla zehaztu dute.
Ospakizunean parte hartu nahi dutenek aurretiaz izena eman behar dute fundazioaren webgunean edo posta elektronikoz info@lurgaia.org helbidera mezua bidalita. Gutxienez hiru egun lehenago izena emateko eskatu dute; izena eman dutenek fundazioko kideen baieztapena jasoko dute. Bestalde, landaketarako ohiko gomendioak gogoratu dituzte: jateko zerbait eta ura ontzi berrerabilgarrian eroatea, baita praka luzeak, mendiko edo uretako botak eta arropak ere.