Errumaniako udazkeneko jaialdia ospatuko dute Gernika-Lumon
Udazkenean Uztaren Eguna ospatzen dute errumaniarrek, eta Gernika-Lumon hirugarrenez ospatuko dute. San Juan Ibarra plazan elkartuko dira zapatuan [urriak 17], eta egun guztiko egitaraua osatu du errumaniar komunitateak.
Udazkeneko jaialdi horretan Errumaniako kultura bertatik bertara ezagutzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek. Musika eta dantzak egongo dira egitarauaren erdigunean, baina, horrez gain, bertako gastronomia eta artisautza erakutsiko dituzte.
12:00etan Dj Koet-en musikagaz hasiko dute Uztaren Eguna, eta 14:00etan izango da txupinazoa, alkatearen eta agintarien parte hartzeagaz. 14:30ean, berriz, jantzi tradizionalen desfilea egingo dute. Kultur egitaraua gauera arte luzatuko dute; egunean zehar umeentzako arte tailerra eta aurpegi margoketa txokoa egongo dira, eta nagusiagoei zuzendutako gurutze-puntu tailerra eta artisau-eskumuturrekoak egiteko tailerra emango dituzte.
Hainbat kultur elkartetako kideak bilduko dira San Juan Ibarra plazan: Zornotzako Juravca elkarteko abesbatzako kideak, Santanderreko Mugurașii dantza taldekoak, Xixongo Balada kultur elkartekoak, Madrilgo Floare de Colț eta Malagako Tradiții dantza eta kantu tradizionalen folklore taldekoak. Horien emanaldiekin batera, aurten gonbidatu berezia edukiko dute: Maria Dragomiroiu folk abeslaria helduko da Bucarestik.