Herri kirol txapelketa herrikoian batuko dira hirugarrenez
Urriaren 31an [zapatua] egingo dute Sustabiz Fundazioak bultzatutako Bermeoko III. Herri Kirol Txapelketa Herrikoia. Hiru lagunez osatutako taldeek urriaren 20ra [martitzena] arte dute izena emateko aukera.
Herri kirol zaletasuna piztu eta herritarrak diziplina ezberdinak probatzera animatzeko asmoz, Sustabiz Fundazioak Bermeoko III. Herri Kirol Txapelketa Herrikoia antolatu du urriaren 31an [zapatua], Artza udal pilotalekuan. Taldekako lehiaketa izango da aurten ere, eta talde bakoitza hiru lagunez osatuta egon beharko da. Parte hartzeko aurretik izena eman beharko da Sustabiz Fundazioaren webgunean, horretarako azken egun urriaren 20a [martitzena] izanik.
Sustabizetik txapelketaren sistema zein izango den ere aurreratu dute. Sailkapen fasean harrijasotzea, ingude jasotzea, txinga eramate eta trontza —3 ebaki— egin beharko dituzte. Horiek eginda azken fasera sailkatzen direnek trontza, harrijasotzea, ingude jasotzea, txinga eramatea eta zaku eramatea egin beharko dituzte. Gainera “proba sorpresa” bat egon daitekeela adierazi dute, baita “sari potoloak” eta zozketak egongo direla baieztatu ere.
Taldeak osatzeko “generoa ez dela kontuan hartuko” nabarmendu dute antolatzaileek, hau da, taldeak mistoak izan daitezkeela. Izan ere, probetan erabiliko dituzten pisuak gizonezko eta emakumezko kategorietakoak izango dira: harrijasotzean emakumezkoek 35 kiloko harria (bola) erabiliko dute eta, gizonezkoek, berriz, 50 kilokoa; ingude jasotzean, emakumezkoek 10 kilo altxatu beharko dituzte eta gizonez 14 kilo eta txinga eruteari dagokionez, ostera, emakumezkoek 25 kilogaz egingo dute joan-etorria eta gizonek 35 kilogaz. Parte hartzeko baldintza bakarra 15 urtetik gorakoa izatea izango da.
Urriaren 30ean [barikua], hitzordu handiaren bezperan, entrenamendu saioa egiteko aukera eskainiko dute antolatzaileek Lameran eta, azpimarratu dutenez, “guztiz gomendagarria” da horretan parte hartzea. Hala, entrenamendura hurbiltzeko asmoa dutenek izen ematea egitean jakinarazi beharko dute parte hartzaileen izen-abizen eta jaiotze datarekin eta harremanetarako datuekin batera. Gainera, talde bakoitzak izena beharko du, “euskarazkoa eta inoren ofentsarako adierazpenik gabekoa” izan beharko duena.