"Bitorrek Bermeori eman zion, eta gaur Bermeok Bitorri ematen dio bere Urrezko Domina"
Ekainean zendu zen Bitor Uriarte Anasagastiren omenezko ekitaldi hunkigarrian bildu dira gaur Bermeoko udaletxean. Bermeok bere ibilbidea eta herriari egindako ekarpena aitortu dizkio, Bermeoko Udalaren Urrezko Domina emanda.
Lan isil bezain handia egin zuen Bitor Uriarte Anasagasti bermeotarrak, inurri lanean ibili zen legoie izan da. Itsosupeteko arrastoa utzi du, eta Bermeok haren ibilbidea eta herriari egindako ekarpena aitortu ditu gaur [urriak 10], Bermeoko Udalaren Urrezko Domina emanda. Ekainean zendu zen, eta haren alargunak eta semeak hunkituta jaso dute Urrezko Domina, udaletxeko osoko bilkura aretoan egindako ekitaldian.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak esan bezala, domina hori Bermeoren esker ona da, Uriartek urteetan herriari eskainitako lanagatik, ezagutzagatik eta konpromisoagatik: “Bitorrek Bermeori eman zion, eta gaur Bermeok Bitorri ematen dio bere Urrezko Domina. Gaur egun berezia eta hunkigarria da Bermeorentzat. Gaur ez dugu soilik pertsona baten ibilbidea aitortzen; gure herriari hainbeste eman dion pertsona baten bizitza eta lana aitortzen ditugu”. Bermeoren historia zaintzeagatik, memoria aberasteagatik eta zinegotzi izateagatik eskerrak eman dizkiote.
Uriarteren lana eta ibilbidea laburbiltzea ez da erraza, zerrenda amaiezina osatzen baitute bere beharrek. Hala ere, bere lanaren zein herriari egindako ekarpenaren errepasoa egin dute gaur. Senide, lagun eta gertukoen maitasuna eta errekonozimendua jaso ditu, maisu handi bat omentzeko txiki geratu den aretoan.
Irakasle, ikertzaile eta dibulgatzaile izan zen bermeotarra. Herriaren historia ikertu, ondarea dokumentatu eta urteetan zehar bildutako ezagutza herritarrekin partekatu zuen: “Urte asko eman zituen Bermeo ikertzen, dokumentatzen eta zabaltzen”. Bermeo ezagutzea eta Bermeo ezagutaraztea zuen helburu: “Horregatik, Urrezko Domina ez da lan bakar baten aitortza. Bizitza oso baten aitortza da. Bermeo Uriarteren bizitzaren parte izan zen: bere lana, bere jakin-mina, bere ikerketa, bere irakaskuntza eta bere konpromisoa. Bitorrek Bermeo ezagutu zuen, baina batez ere ulertu, eta besteoi ere ezagutarazi nahi izan zigun”.

Hitzez zein irudiz gordeta geratu da hark bildutako lana. Horren adibide dira udal artxiboan dauden eta herriaren iraganaren “lekuko baliotsuak” diren bere argazkiak: “Bermeoko baserri guztiak argazkietan jaso zituen 17 edo 18 urte besterik ez zituela”. Udal artxiboaren garrantziaren jakitun zen, eta bestere artean, Bermeoko artxiboa antolatzen ere lagundu zuela azpimarratu dute.
Deustuko Unibertsitatean Historia eta Geografia ikasketak burutu zituen, eta askok Bermeoko Institutuko ikasgelan gogoratuko dute, bertan irakasle, ikasketa-butu eta zuzendari izan baitzen, baina ikasgeletatik harago zabaldu zuen bere ezagutza. “Historiari buruzko ezagutza ez ezik, herria ezagutzeko eta ulertzeko interesa ere transmititu zien”, gogoratu dute gaur. Ikasleentzat ez ezik, beste hainbat herritar eta lagunentzat ere eredu izan zen.
Alkatearen hitzetan, Uriarteren heriotzak “hutsune handia” utzi badu ere, haren lana eta ekarpena Bermeoren memoriaren parte dira dagoeneko. Haren argazkiek, ikerketek, argitalpenek eta ezagutzak herriaren historia ezagutzen eta zaintzen jarraituko dute. Hunkituta hitz egin du alkateak, eta senitartekoei maitasun handiz zuzendu zaie: “Badakigu ez dagoela aitortzarik pertsona maite baten falta ordezkatuko duenik. Baina gaur Bermeoko herria zuen ondoan dago. Bitor zuena zen, baina Bitor gurea ere bazen: zuen familiako kidea, baina baita Bermeoko herritarra ere; gure irakaslea, gure ikertzailea, gure historialaria eta gure zinegotzia“.
Bermeoko toponimia, historia, ondare arkitektonikoa… gai askotan aritua eta aditua izan da, eta horrez gain, Busturialdeko Hitza egunkariaren sorreran ere parte hartu zuen, eta hedabidearen lehen zuzendaria izan zen.