"Urdaibairen etorkizuna ez da kanpotik etorriko; hemen eraikitzen ari gara"
U-BAI Up! ekimenaren bosgarren topaketan batu da Urdaibaiko ekintzaile, enpresa-buru, eta erakunde eta ikastetxeetako ordezkariek. Ondarea Saria Astilleros de Muruetak jaso du.
Urdaibaiko ekintzaile, enpresa, administrazio publiko, ikasle eta ikastetxeek eskualdeko etorkizun sozio-ekonomikoari begira ikasi, konektatu eta esperientziak partekatzeko aukera izan dute gaur [urriak 9], Busturiako BBK Klima egoitzan egin duten U-Bai Up! topaketaren 5. aldian. Bertaratutakoek U-BAI Faktoriaren azken berriak ezagutzeaz gain, eskualdeko enpresen errealitatea horien bultzatzailen ahotik ezagutu ahal izan dute. Gainera, U-BAI Ondarea Saria eman diote Astilleros Murueta enpresari.
Oihane Aldaiturriaga BBKko Talentu eta Ekintzailetza ardurak zabaldu du ekitaldia, ekimena “hasieratik babestu baitu”: “Profil oso ezberdinetako pertsonak batu gara, badaegoelako partekatzen dugun zerbait: gure lurraldean aukerak sortzeko gogoa. Horregatik gaude hemen, elkarrekin zer egin dezakegun ikusteko, askotan proiektuek ez dutelako ideia soil bategaz aurrera egiten; proiektuek aurrera egiten dute bidean zehar pertsona aproposak aurkitzen direnean”. Aldaiturriagak argi du Urdaibaik “talentua, ideiak eta ekiteko gogoa” dituela, baina talentu horiek “hemen garatzeko aukerak sortzea” da erronka nagusia, gazteek beraien proietuak martxan jarri eta ekimen berriak sortu daitezen.
Ekintzaile diren edo izateko grina duten guztiak zoriondu ditu BBKko ordekzariak, enpresak sortu eta aurrera eramatea “ez delako erraza”: “Ausardia, pertseberantzia eta ikasteko gogoa ezinbestekoak dira bide horretan”. Era berean, gaurkoa bezalako topaketen garrantzia nabarmendu nahi izan du, askotan aukera berriak ez direlako bulego batean sortzen”. Eskualdearen etorkizuna ere izan du hizketagai, tokiko ekintzaie, enpresa eta enpresa-buruen balioan jarriz: “Urdaibairen etorkizuna ez da kanpotik etorriko; hemen eraikitzen ari gara”.
Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapenerako foru diputatuak “aitortza” egin nahi izan die U-BAI komunitatea butzatzen duten guztiei, topaketa bakoitzaren atzean dedikazioa ekimen gaitasuna baitaude. Halaber, eskualdeek pertsona, enpresa, ikastetxe eta erakundeen arteko lankidetzaren bidez egiten dutela aurrera adierazi du: “Ekintzaileok funtsezkoak zarete aurrerapen horretan; konponbide berriak ekartzen dituzue, gure enpresa sarea berritzen duzue eta aukerak zabaltzen dituzue”.

Ekintzailetzaz hitz egitea eskualde batek jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sortxeko behar dituen baldintzez hitz egitea dela deritzo diputatuak: “Eskualde bakoitzak aukera izan behar du dituen gaitasunak garatzeko eta lurraldearen garapenaren parte izateko. Hemen ere, Busturialdean, ekitea, berritzea edo enplegu kualifikatua izatea benetako aukera izan behar da. Gure gazteek aukera izan behar dute euren etorkizuna euren ingurunean eraikitzeko eta, gure enpresek, baldintza egokiak aurkitu behar dituzte hasteko eta gur eskualdean ere errotuta jarraitzeko “.
Ekiteko “ideia bat” behar da, ziurgabetasunei aurre egiteko, berriz, “ezagutza, dedikazioa eta gaitasuna”. Adierazpen horregaz azpimarratu du Basurkok aholkularitzaren eta prestakuntzaren garrantzia: “Busturialdeak baditu horretarako gaitasunak eta horren adierazpena da gaurkoa: ezagutza dago hemen, industria arloko esperientzia dago; enpresek tradizioa dute eta ekimen ekintzailea ere badago”.
Eskualdearen etorkizunaren inguruko hausnarketa deitu du aldundiko ordezkariak, jarduera ekonomikoa, pertsonen ongizatea eta ondarearen kontserbazioa oinarri gisa aurkeztuz.
Eskualdean sortzen diren ideiak Busturialdean hazi eta errotu ahal izatea helburu duen enpresak biltzen dituen U-BAI Faktoriako Ibai Miranda presidenteak ere hartu du hitza goizean, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko: “Enpresa-buruek gaitasun, proiektu eta esperientzia batu genituen eskualdean garatu daitezkeen proiektuak aurrera eramaten laguntzeko. Konpromiso bakarra dugu, eskualdearen etorkizuna. Horretarako hiru misio ditugu: inbertitzea, proiektuak garatzea eta, batez ere, proiektuak errotzea”.
Mirandak U-BAI Faktoriarentzat “garrantzitsua” den albiste berri bat ere zabaldu du: heregeun BAT B Accelerator Towerrekin lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten. Horrek, “enpresa sarearen arteko konexio aukera berriak sortuz”, alor teknologikoaren, ekintzailetzaren eta berrikuntzaren “transformazioa” ahalbidetuko du.
Enpresaz harago, Busturialdearen balioa balioan jarri nahi izan dute eta, horretarako, hainbat urtez Madrilen bizi ostean eskualdera, bere jaioterria den Gautegiz Arteagara itzuli den Amaia Aberasturi aktorea elkarrizketatu dute. Gautegiz-arteagarrak bere ibilbidea errepasatu du, txikitan dantzan hasi eta urte batzuk beraduago Zigortzaileak filmeko protagonista izatera nola ailegatu zen errepasatuz. Busturialdeko “kultura eta hezkuntza” nabarmendu ditu aktoreak: “Gure ikasketa mailak harritu ninduen Madrilera heltzean; herri txikitik etorrita, sentitzen nuen hirikoak ni baino gehiago jakingo zutela gai guztien inguruan”. Hala, erakusteko duten “primerazko” moduagatik aipamen berezia egin nahi izan dio Montorre Eskolari, baita Gernika BHIri ere.
Euskara da Akelarre filmagatik Goya sarietara nominatua egon zen Aberasturik Euskal Herritik kanpo joatean faltan botatzen duena: “Hizkuntzaren falta sumatzen dut gehien; euskararen defendatzaile sutsua naiz eta, batez ere, bizkaierarena. Batua ondo dago, eta erabiltzen dut, baina aniztasuna ere ondo dagoenez, ahal dudan guztietan bizkaieraz mintzatzen naiz”.
Ekintzaile izan gura dutenei edo beraien etorkizuna eskualdean eraikitzea posible den zalantzaz bizi duten horientzako mezu argia du Aberasturik: “Urrun heldu daiteke urrun joan barik”.

Elkar ezagutu eta ideiak partekatzeko atsedenaldiaren ostean eskualdeko hiru ekintzaile igo dira oholtzara: iaz Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketa irabazi zuen Zuresku enpresako Aiora Uriarte Eguztekeko Juan Pazos eta Basque Creative Centerreko Josu Diez-Caballero. Hirurek beraien proiektuen jatorria, egungo egoera eta eskualdeak proiektuei eskaintzen diena errepasatu dute, baita enpresa edo enpresa-buru bakoitzak, bere balditzen arabera eskuragarri dituen laguntza ezberdinak eta beraien esperientzia partekatu ere.
Ondarea Saria 2026.
Aurtengo Ondarea Saria jaso duen Astilleros de Murueta enpresak 1943tik darama Urdabaiko itsaertzean ontziak eraikitzen, “belaunaldiz-belaunaldi lana sortu eta errotzen”. Iñaki Fuldain zuzendariak eskertuta jaso du saria, enpresak egindako lana goraipatuz: “Oso harro egon gaitezke egin diren itsasontziez. Gaurko jardunaldia ezagutza berria da berria da niretzat baina, uste dut, arazo asko amankomunak izanik elkarrekin hitz eginez eta partekatuz, eskualderen egoera asko hobetu dezakezuela”. Aitortu du sorreraz geroztik “urrunetik” jarraitzen zuela U-BAIren jarduna, eta gertutik begiratzean argi ikusi duela egiten dutena “lan sakona” dela.