Gildarik onenak, Musutruk eta Sasoierenak
Gernika-Lumoko Merkatarien, Ostalarien eta Zerbitzu Enpresen elkarteak antolatutako seigarren Gilda txapelketako publikoaren saria Auzokoa tabernarentzat izan da.
Argazkia: Gernikako Merkatari Elkartuak Gernika-Lumoko Merkatarien, Ostalarien eta Zerbitzu Enpresen elkarteak herritarrak tokiko ostalaritza establezimenduetan kontsumitzera animatu eta eta ostalaritzari bizia emateko helburuagaz antolaturiko seigarren Gilda txapelketak baditu bere irabazleak: Auzokoa, Sasoie eta Musutruk tabernak.
Irailaren 18an hasi zen lehiaketa hiru asteburutan zehar luzatu da aurten eta, hamazortzi establezimendu parte hartzaileek hiru kategoriatan banatuta parte hartu dute: gilda tradizonalarena, gilda berritzailearena eta publikoaren sariarena. Atzo (urriak 8) banatu zituzten sariak, Jagoba Santesteban eta Javier Muñoz Bizkaiko Sukaldarien Bilkurako kideek eta Gastrodista blogaren sortzailea den Ania Lopezek osatutako epaimahaiak gilda guztiak dastatu ostean. Epaimahaiarentzat Sasoie tabernarena izan zen gilda tradizional onena eta, berritzaileena, berriz, Musutrukekoa.

Musutruk tabernarentzat izan zen gilda berritzaileenaren saria. ARGAZKIA: Gernikako Merkatari ElkartuakGernikako Merkatari Elkartuak
Hiru asteburuetan zehar beraien bozka utzi duten herritarrentzat, ostera, Auzokoakoa da gildarik onena. Gainera parte hartzaile guztien artean ere zozketa egin zuten eta Inma Gorostiza izan zen saritua.
Antolatzaileek Gilda txapelketan parte hartu duten taberna guztiak zoriondu zituzten, baita “erakutsitako konpromiso handiagatik” eskerrak eman ere: “Seigarren urtea da hau, eta guztiei esker, lehiaketak gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da”.