Arteskolakoek Errenterian egindako horma-irudia aurkeztu dute
'Gernika-Errenteria Erdi Aroan' artelanaren lehenengo fasea amaitu dute Artekoslako kideek, eta 2027ko udan guztiz amaitzea aurreikusi dute.
Gernika-Lumoko Arteskolako kideek Errenteriako Mertzede Ikastetxearen jolastokian egin duten murala inauguratu dute gaur eguerdian [urriak 9].
Erdi Arora bidaiatzeko aukera eskaintzen du Gernika-Errenteria Erdi Aroan artelanak. Jose Mari Gorroño alkatearen hitzetan, bertan islatu dituzte Errenteriaren nortasuna eta ikurrak eta guztiz bat dator inguruagaz. Errenteriak “nortasun sendoa eta garrantzitsua” daukala azpimarratu du: “Gernika auzoek betetzen dute, eta auzo bakoitzak bere nortasuna dauka. Horrek ekarpen garrantzitsua egiten dio udalerriari. Errenteriak nortasun sendoa eta garrantzitsua dauka, baita bere bereizgarri diren sinbolo edota ikurrak ere”. Besteren artean zerrendatu ditu gurutzea, itsasadarra, Mertzedeko komentua, eliza eta ikastetxea. Alkateak eskerrak eman dizkie horma-irudiaren sorkuntzan parte hartu duten denei, eta horien lana goraipatu du, baita margolari “oso onak” direla adierazi ere. Emaitzarekin “oso pozik” daude, eta aurrerago horrelako beste proiektu batzuk egitea espero dute.
Arteskolako presidente Julen Munitisek egindako diseinua da, eta berak proposatu zion proiektu hori alkateari: “2024ko abenduan Japoniako enbaxadoreak Gabonak zoriontzeko egutegi bat bidali zidan, eta bertan, hilabete bakoitzan lore bana testu batek lagunduta ageri zen. Atentzioa eman zidan, eta Julen Munitisi deitu nion. Nik Zearretan lorez osatutako murala egitea proposatu nion, eta berak, berriz, egitasmo hau azaldu zidan”. Horrenbestez, elkarrizketa hura izan zen proiektu horren eta Zearreta Kalean egindako horma-irudiaren hazia. Izan ere, iazko udan Gernika-Lumoren eta Hiroshima eta Nagasakiren arteko “lore-zubia eraiki” zuten Allende Salazar Herri Ikastetxearen kanpoaldeko hormetako batean. Horrez gain, Zearretako kirolguneko estalkia ere eurek apaindu zuten.
Munitisek esan duenez, alkateak begi onez hartu zuen proiektua, eta hasieratik haren babesa eduki dute. Aitortu du lan “nekeza” izan dela, eta udal ordezkarien zein udal langileen laguntza “ezinbestekoa” izan da eurentzat: “Horie eskerrak emateaz gain, auzotarrei eta eskolako ikasle eta irakasleei ere eskerrak eman nahi dizkiegu”.
Errenteriako horma-irudiaren lehenengo fasea amaitu dute, eta horren emaitza erakutsi dute gaur. 2027ko udan guztiz amaitzea aurreikusi dute, eta margolana hobetzeko lan egingo dutela zehaztu du Munitisek: “Egitura eginda dago, baina bizia falta zaio; herritarrak, idi-gurdiak edota tximinietatik kea irtetzen egotea nahi dugu”.