MER 82 elkarteko kideek Gernika-Lumo bisitatu dute
Argazkia: Pipergorri Kultura Alkartea Montauban hiriko MER 82 Memoire de l’Espagne Republicaine elkarteko 41 kide Gernika-Lumon egon dira gaur [urriak 8], eta Pipergorri Kultura Alkartekoen eskutik, Gernika-Lumoko Institutuaren aurrean egin dute lehenengo geldialdia. Izan ere, bertan egon zen gerra presoen ospitale militarra, eta haren inguruan memoria-lanketan dihardu elkarte gernika-lumotarrak.
Hain zuzen ere, memoria historikoagaz lotutako udalerriko zenbait gune bisitatu dituzte, besteren artean, Jose Labauria Plaza, Memoriaren Atea, Pasealekuko babeslekuak, Picassoren Guernica koadroaren erreplika eta Gernikako Arbola. “Interes handiz” entzun dituzte azalpenak eta hainbat galdera egiteko aprobetxatu dute.
“Gerran eta gerra ostean erbestera joandako errepublikarren seme-alabak eta gerraostean eta frankismoaren sasoian Frantziara alde egindakoak ere daude elkartean, era batera edo bestera memoria horregaz lotuta sentitzen direnak. Montaubanen erbesteratu asko egon ziren, eta bertan lurperatu zuten Manuel Azaña II. Errepublikaren presidentea”, azaldu dute Pipergorri Alkarteko kideek, eta Espainia Errepublikarraren Memoria aipatu dute. Espainia Errepublikarraren Memoriak Espainiako Bigarren Errepublikaren (1931 – 1939) eta hura defendatu zuten pertsona, erakunde eta mugimenduen oroitzapen historiko, politiko eta sozialari egiten dio erreferentzia. “MER 82 Memoire de l’Espagne Republicaine bezalako elkarteek memoria hori bizirik mantentzen dute, omenaldi, memoria-ibilbide eta beste hainbat ekimenen bidez”. Nabarmendu dutenez, euren ezagutzen eta esperientzien transmisioari garrantzia berezia ematen diote elkartean.