Maskaradagaz dator Ibarruriko Dantzari Eguna
Zuberoatik Ibarrurira. Maskaradak bereziak bezain ikusgarriak izaten dira, eta aurten, ikuskizun hori eurenera eroatea erabaki dute Baso-Txoritxu Dantza Taldeko kideek. Ibarruriko Dantzari Eguna gai zehatz baten inguruan prestatzen dute urtero, eta aurtengoan maskaradaren bueltan ibiliko dira: «Aurten Ibarruriko maskarada egingo dugu; Zuberoako maskaradetan eramaten dituzten arropak jantzi, eta bertako dantzakien beteko dugu eguna».
Gainera, oraingoan, herrigunean ez ezik, auzoetara eroango dituzte dantzak. Hain zuzen ere, 10:00etan Unda auzoan elkartuta hasiko dute dantzari eguna. Barrikada, dantza eta antzezpena uztartuko dituzte, eta gauza bera egingo dute 11:30etik aurrera Burdixen.
Ekitaldi nagusia, ostera, betiko lekuan egingo dute: 13:00etan hasiko dute Ibarruriko frontoian, eta belaunaldi desberdinetako dantzariek eta Ibarruriko Abesbatzaren kideek «ikuskizun ederra» eskainiko dute: «Aurten ere gaur egungo dantza taldeko kideak eta dantzari izandakoak batuko ditugu. Gainera, aurrekoetan ikusle eta laguntzaile izan ditugunetako batzuek parte hartuko dute barrikada eta antzezpenetan». Auzo bakoitzean bina dantza egingo dituzte, eta gero, hiru bat ekitaldi nagusian. Horien artean, dantza taldeko egungo kideek Godalet dantza egingo dute. «Ekitaldia hasteko, barrikada egingo dugu. Maskaradetan barrikadak egoten dira, eta bertako pertsonaien beharra da oztopatzea. Gero, desfilea egingo da, eta jarraian, beste pertsonaia batzuek Ibarruriko antzinako anekdota batzuk kontatuko dituzte, eta gauza bera egingo dute goizean Undan eta Burdixen. Tokian tokiko istorio batzuk azalduko dira, adibidez, errepidea zelan egin zuten, ura zelan eroan zuten auzora, eskola garaiko anekdotak… tartean, sorginen istorioren bat dago».
Ikuskizunaren ostean, 15:00etan bazkalduko dute, eta bazkalostea girotzeko, Taxus taldeko kideek kantuan ipiniko dituzte herritarrak. Horrez gain, zezen mekanikoa egongo da, «ume, gazte zein helduek ondo pasatzeko».
Era berean, aurten ere Luhartz taldeko lagunak ariko dira arratsalde eta iluntzea girotzen; 19:00etan hasiko da horien emanaldia, eta eguna biribiltzeko, txokolatea banatuko dute, beste urte batez. Egun osoko plana prest daukate, eta Ibarrurira joateko gonbidapena zabaldu diete bertako zein ingurukoei antolatzaileek.
Egitaraua:
- 10:00. Barrikada, dantza eta antzezpena, Unda auzoan.
- 11:30. Barrikada, dantza eta antzezpena, Burdixen.
- 13:00. Ekitaldi nagusia, Ibarruriko frontoian.
- 15:00. Herri bazkaria.
- Ostean. Taxus taldea eta zezen mekanikoa.
- 19:00. Luhartz taldea.
- Ostean. Txokolatada.