Inolako aukerarik barik
Inversus Gernika Bizkaiak ezin izan du marea granatearen aurrean garaipena lortu: 72 eta 108 galdu du bere historiako puntuzio handiena lortu duen Casademont Zaragoaren aurkako partidua. Domekan [urriak 11] Meins Avenidaren aurka jokatuko dute Endesa Ligako 3. jardunaldia.
Argazkia: Gernika KESB Galizian luzapenean denboraldiko lehen garaipena lortuta, marea granatearen aurreko lehen agerraldian bigarrena eskuratzeko gogoz kantxaratu ziren Inversus Gernika Bizkaiako jokalariak atzo iluntzean [urriak 7] Malosten. Lehen segundoetatik baina, argi gelditu zen Casademont Zaragozaren aurkakoa ez zela partidu erraza izango: 17 hiruko saskiratuz aragoiarrek min handia egin zien Francy Garciarenei, beraien historiako puntuazio handiena lortuz: 72 eta 108 nagusitu ziren.
Gorriak -atzo zuriz- izan ziren 6,75 metroko lerrotik markagailua zabaldu eta partiduari bere erritmoa ezartzen lehenak. Malostera egindako azken lau bisitetan porrota jasota, bosgarrena gehitzeko prest ez zeudela argi utzi zuen Aisha Sheppard estatubatuarrak. Zaragozako taldea serio kantxaratu zen eta baloiak lapurtuz arazo barik saskiratzea lortu arren, gernika-lumotarrak eusteko gai izan ziren lehen hamar minutuetan, saskiratzeko aukerak aprobetxatuz eta jaurtiketa libreak baliatuz. Angela Salvadores, Eleni Bosgana, Samantha Galanopoulos, Aaronette Vonleh eta Seehia Ridard konbinatu ziren, laurdena sei puntu behera (15-21) bukatzea lortuz.
Sheppardek erasoan agintzen jarraitu arren, Ridarden hirukoek eta Salvadoresek jaurtiketa libreko lerrotik lortutako puntuek partiduan mantendu zituen etxekoak. Minutuek aurrera egitean baina, Bosgana eta Shepparden arteko baloi lehiatu batean greziarrak sorbaldan kolpea jaso zuen, eta ezin izan zuen gehiago jokatu. Ordutik aurrera defentsan aurrerapausoa eman beharra zuen, baina aragoiarrek puntuak pilatzeko erraztasuna erakutsi eta 17 puntuko aldeagaz joan ziren aldageletara.
Hirugarren laurdenean egin zion ihes partidak Gernikari. Beste behin, Sheppard izan zen bi hiruko eta saskiratze bategaz abantaila are gehiago handitu zuena. Marea granateak harmailetatik animatzen jarraitu zuen baina taldeak ekin arren, 26 puntu behera iritsi ziren azken laurdenera. Garciaren taldeak ez zuen defentsan asmatu, eta urruneko saskiratzeekin erabakita gelditu zen neurketa.
Zaragozarrak jaurtitzen zituzten ia tiro guztiak barrura zihoazela ikusirik, ekinean jarraitu zuten. Ekinean eta asmatzen. Partidan zehar 17 saskiratze egin zituzten 6,75 metroko lerrotik, saiakeren erdia. Gernika-Lumotarrek, ostera, 23 saiakeratik sei besterik ez zituzten lortu. Azken laurdenean 25 puntu egin zituzten bisitariek, eta hamabost besterik ez etxekoek, partida 72 eta 108 amaituz.
Datorrenari begira.
Aste bitarteko jardunaldiak zerbait ona baldin badu, emaitza edozein izanik ere partida amaitu bezain azkar ahaztera behartzen zaituela da. Granateek ez dute damutzeko astirik, domekan [urriak 11] Meins Avenida bisitatuko baitute Salamancako Wurzburg udal-pabiloian, 12:00etan.