Lagun eta eredu izateko gonbidapena
Gernika-Lumoko Berbalagunek ikasturtea hasi du, «eskaintza zabalagaz», eta urriaren 15erako ‘Feminismoa eta euskalgintza’ hitzaldia antolatu dute. Helburuen artean, Paseolagun taldea «indartu» nahi dute.
Eraman euskara praktikara lelopean, Gernika-Lumoko Berbalagunek ikasturteari ekin dio, eta ekainera bitartean, hainbat tailer, irteera, hitzaldi eta ekitaldi egingo dituzte. Berbalagun taldeak hilabete honetan hasiko dira, eta horietan parte hartzeko deia zabaldu dute egitasmoaren arduradunek: «Urriagaz batera, astean behin elkartzen diren mintzatalde guztiak martxan hasiko dira. Asteko edozein egunetan horietan parte hartzeko aukera egongo da, eta aurrera begira, hainbat egitasmo sortuko ditugu». Taldeetan izena emateko, karteletan QR kodea ipini dute, eta 600 48 20 10 telefono zenbakira deitu edo idatzita ere eurekin harremanetan ipintzeko aukera dago.

Ikasturte honetako hainbat proposamen aurkeztu dituzte gaur eguerdian.
Egitasmoaren garrantzia nabarmendu dute arduradunek: «Guretzat oso garrantzitsua da mintzataldeak sortzea. Gernika herri euskalduna izan arren, euskaraz aritzeko gune eroso edota talde bat behar duen jende asko dago. Guk hori eskaintzen dugu; mintzataldeetan astean behin elkartzen dira euren antzeko egoeran dauden beste hainbat herritarrekin, eta euskaraz eroso aritzeko aukera daukate, inongo oztopo barik». Gogoratu dute bide horretan laguntzeko prest daudenak ere beharrezkoak direla: «Horiek ere erakarri nahi ditugu; oso garrantzitsuak dira bidelagun rol hori betetzen duten pertsonak».
Urtez urte harrera ona edukitzen du proposamenak eta oraingo honetan ere, horrela izatea espero dute. «Aurreko ikasturtean talde aldetik erantzun oso ona eduki genuen; astelehenetik zapatura bitartean, egunero gutxienez talde bat edukitzen genuen, eta egun askotan bai goizetan, bai arratsaldeetan egoten ziren taldeak». Eskaintza zabala daukate, egutegi zein ordutegi desberdinetara egokitu daitekeena, eta horren barruan, Paseolagun taldea «indartzea» dute helburu: «Astean behin elkartu, eta paseo edo mendi bueltatxoa ematen dute».
Era berean, Parkelagun taldean ere parte hartzea bultzatu gura dute. Parkeetan dauden guraso edota zaintzaileei bideratuta dago proposamena, eta hezkuntza zentroetara jo dute. Hezkuntza zentroei informazioa helarazteko «ahalegin berezia» egin dute, euren laguntzarekin, guraso, aiton-amona zein zaintzaileak egitasmo horren parte izatea lortu nahi baitute: «Euren taldeetan euskaraz egiteko, eta euskara praktikatu nahi duten herritarrak eurekin batzeko konpromisoa hartzea nahi dugu. Uste dugu oso garrantzitsua dela ikasleen edota seme-alaben aurrean gurasoak eredu izatea, euren artean euskaraz berba eginez».
Gaurkotasuneko gaiak. Bestalde, urriaren 15erako Euskalgintza eta feminismoa hitzaldia antolatu dute. Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelek emango dute 18:30etik aurrera, Gernika-Lumoko Kultur Etxeko lehenengo solairuan. «Hitzaldi oso interesgarria izango da, gaurkotasuneko gaiak jorratuko dituztelako», azaldu dute Berbalagunen arduradunek. Sarrera doakoa izango bada ere, izena ematea ezinbestekoa da, 600 48 20 10 telefono zenbakiaren bitartez (Whatsapp).
Halaber, mendi irteerak ere bueltatuko dira; lehenengoa urriaren 31n egingo dute, Goizale Mendi Taldekoekin elkarlanean: «Esker ona adierazi nahi diegu taldekideei, ibilbidea antolatzen lagunduko digutelako. Gernikan hasi eta amaituko dugu, eta inguruko mendietatik ibiliko gara».
Horrez gain, azaroan hasiko dute ikasturte honetako Ezetz Jakin lehiaketa. Ekainera bitartean, hilero egingo dute, udalerriko taberna, jatetxe eta dendekin lankidetzan sariak banatuz.