Herriarekiko harrotasuna islatuko dute morgarrek argazki lehiaketan
Morgako IX. Argazki Lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu zuten urriaren 1an, eta parte hartu gura dutenek hilaren 23ra (barikua) bitartean bidali ditzakete euren argazkiak. Gure herriaz harro da aurtengo gaia, eta beraz, morgarrek herriarekiko sentitzen duten harrotasuna islatuko du 2027ko udal egutegiak.
Herritar bakoitzak gehienez bost argazki aurkeztu ditzake lehiaketara: “Irudi digitalak izan behar dira, eta lehiaketan parte hartzen dutenek kontuan izan behar dute egutegian agertzen diren argazkiak horizontalak izango direla”. kultura@morgakoudala.com helbide elektronikora bidali behar dira Argazki Lehiaketa izenburupean; mezuan zehaztu behar dira igorlearen izen-abizenak eta harremanetarako telefono zenbakia, baita argazkien kokapena ere. Gogoratu dute jasotako argazkiak Morgako Udalaren artxiboan sartuko dituztela, eta udalak erabili ahalko dituela, besteak beste, erakusketak egiteko, egutegiak egiteko eta webgunean jartzeko: “Argazkietan agertzen diran pertsonek horietan agertzeko baimena eman dutela ziurtzat hartuko da, eta horrenbestez, erantzunkizuna argazkiaren egilearena izango litzateke”.
Bi sari emango dituzte. Lehenengo saria irabazten duenak txakolin-sorta eta herriko taberna baten bi pertsonentzako hamaiketakoa lortuko ditu, eta bigarrenak herriko taberna baten bi pertsonentzako hamaiketakoa.