Gazteleku eta ludoteka zerbitzuak martxan daude Gautegiz Arteagan
Urria hasteagaz batera, ludoteka eta gazteleku zerbitzuak martxan ipini ditu kultur etxean Gautegiz Arteagako Udalak.
Ludoteka 3 eta 7 urte bitarteko umeei zuzenduta dago, eta gaztelekuan, berriz, 8 eta 17 urte bitartekoei eskaintzen diete zerbitzua. Biak ala biak zapatuetan egongo dira zabalik. Ludotekak 17:30etik 19:30era bitarteko ordutegia edukiko du eta gaztelekua, ostera, 17:30etik 21:30era bitartekoa.
Patrik Saitua Betanzos Gautegiz Arteagako alkateak azaldu bezala, udalerriko umeek eta gazteek elkartzeko lekua edukitzeko helburuagaz eskaintzen dituzte zerbitzuak: “Iaz ipini genuen martxan ludoteka, eta udara arte eskaini genuen. Harrera oso ona eduki du. Herriko umeek eta gazteek zapatu arratsaldeetan egoteko lekua izan dezaten eskaintzen ditugu zerbitzuak. Urritik abendura bitartean egongo dira, eta asmoa da hurrengo urtean ere martxan jarraitzea”.
Haur-eskola martxan. Bestalde, alkateak jakinarazi du udal eraikinean dagoen haur-eskola berriro zabaltzea lortu dutela. “Aurreko ikasturtean ume barik geratu ginen, eta Haurreskolak Partzuergoko haur-eskola itxi egin zen. Orain, lortu dugu hiru umeren matrikula egitea, eta hilabete honetan hasiko dira umeak. Guretzat oso garrantzitsua da haur-eskola zabalik egotea, gure herriko umeek herrian bertan egoteko aukera edukitzeko eta eskolak bizirauteko”.