Gautegiz Arteagako Berdintasun Plana herritarren partaidetzagaz osatuko dute
Herritarrek iritziak partekatzeko eta proposamenak egiteko asmoz, saio irekia egingo dute urriaren 15ean, eta galdetegia ere zabaldu du Gautegiz Arteagako Udalak.
Gautegiz Arteagako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana egiten ari dira, eta “Gautegiz Arteaga berdinzaleagoa” eraikitzeko bidean, herritarren parte hartzea ezinbestekoa dela adierazi dute.
Horregatik, herritarren iritzia eta ekarpenak jasotzeko galdetegia zabaldu du udalak; udaletxean eta kultur etxean eskuratu daiteke, baita udalaren komunikazio kanal eta sareetan zabaldu duten estekaren eta QR bidez ere. Jasotako erantzunek udalerriko berdintasun-egoera hobeto ezagutzen eta etorkizuneko lehentasunak zehazten lagunduko dutela uste dute.
Horrez gain, herritarrek iritziak partekatzeko eta proposamenak egiteko asmoz, saio irekia egingo dute urriaren 15ean (eguena), 18:00etan, udaletxean. Denen iritzia jasotzea garrantzitsua delako, bileran parte hartzeko eta galdetegia betetzeko eskatu diete herritarrei.
Patrik Saitua Betanzos alkatearen berbetan, Murgibe enpresagaz hasi dira lanean: “Iazko aurrekontuan jaso genuen 2026an berdintasun plana egitea, eta aurtengo udal aurrekontuan diru sail bat sartu genuen plana aurrera eroan ahal izateko. Hainbat enpresagaz harremanetan ipini ginen, eta Enpresa Murgibe enpresagaz hasi gara berdintasun plana osatzen”. Lanketarako, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntzak eskatu zituzten, eta orain, Emakunderen diru laguntza eskatuko dute.
Udal ordezkariak eta Murgibeko aholkularitza taldeko kideak egongo dira urriaren 15eko saioan. Galdetegian jasotako informazioa ere Murgibekoak jasotzen ari dira, eta datorren asteko saioan horien emaitzak eta datuak azaltzea aurreikusi dute: “Gautegiz Arteaga berdinzaleagoa lortzeko bidean, saiora hurbiltzeko deia zabaltzen dugu, eta joan ezin dutenek galdetegia betetzea gura dugu, euren iritzia edota ikuspuntua jaso ahal izateko”.
Berdintasun plana osatzeko, zenbait sare egongo direla jakinarazi dute, eta aurrerago saio gehiago egingo dituzte. Udalerriko elkarteen kideek eta profil desberdinetako herritarrek parte hartuko dute lanketa horretan: “Herritarren ahotsa edukitzea garrantzitsua da, eta horretarako saio desberdinak egongo dira”.
Plana egin ondoren ere, bere jarraipena egiteko eta eguneratzen joateko, herritarren parte hartzea bultzatuko dute: “Plan horrek ildo desberdinak edukiko ditu, eta jarraipena eman beharko zaio; urteetan zehar egin beharreko lanketak eta ariketak egongo dira”.