EH Bildu: "Udalak gertatutakoa argitu behar du"
Udaltzain batek bere etxeko langileagaz edukitako jarreraren aurrean, EH Bilduk gertatutakoa ikertzeko eskatu dio udalari. LAB sindikatuak eta Gernika-Lumoko Sare Feministak elkarretaratzea deitu dute etzi [urriak 9], 19:00etan, udaletxe aurrean.
LAB sindikatuak Busturialdeko eta Lea-Artibaiko etxeko langileen egoera “kezkagarria” salatu zuen duela egun batzuk, beraien egoera salatzean enplegatzaileen partetik mehatxu, iruzur edota kaleratzeak jasotzen dituztela mahaigaineratuz. “Oso larritzat” jo zuten ere azken hilabetean etxeko langile baten enplegatzaileak, “Gernikako uniformez jantzitako udaltzain batek“, langilearen arropa etxetik atera eta udaltzaingoaren bulegoan botata utzi izana.
Egoeraren berri izanik, udalerriko EH Bilduko ordezkariek gertatutakoa argitzeko eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari: “Udaltzaingoko kide bati eta udal-dependentzia bati bati lotutako salaketa bat egonda, udalak bere erantzukizuna bere gain hartu eta gertatutakoa argitu behar du”.
Era berean, elkartasuna adierazi diete bai kaltetutako emakumeari, bai antzeko egoeran egon daitezkeen etxeko langile eta zaintzaileei, eta salatu dute, berez larriak diren gertaerak “are larriagoak” direla Udaltzaingoaren uniformea, kargua eta udal-bulego publikoak inplikatuta daudenean. Hala, argi dute kasua ezin dela auzi pribatu gisa ulertu: “Udaltzaingoaren bulegoak ez dira auzi pribatuak konpontzeko tokia, eta agente baten kargua eta uniformea ez dira inolako botere-harremanetan erabiltzeko tresna“, ebatzi dute.
Era berean, etxeko langile gehienak emakume migratzaileak dira eta “zaurgarritasun handiko” egoeretan bizi direla gogoratu dute, besteak beste, kobratu gabeko zorrak, kontratu eta lan-baldintzen irregulartasuna, gehiegizko lanaldiak eta salatzeko beldurra pairatzen dituztelarik. EH Bildukoentzat horrelako egoera batean udal-agente baten deia eta udal-bulego baten egotea “ez dira neutroak”, zaurgarritasuna “areagotu” dezaketelako.
Horregatik, gertatutakoa “objektibotasunez eta beharrezko berme guztiekin” eta tartean dauden pertsonen eskubideak errespetatuz ikertzeko eskatu diote udalari, baita emaitzen berri eman eta, hala badagokio, “beharrezko neurriak hartzeko” ere.
Elkarretaratzea.
Gertaera salatu eta etxeko langileen eskubideak aldarrikatzeko mobilizazioa deitu dute Gernika-Lumoko Sare Feminsitak eta LAB sindikatuak etzi [urriak 9], Zaintzaileak zaindu! Jazarpenik ez! lelopean. 19:00etan ipini dute hitzordua, udaletxe aurrean.