Santanape kiroldegiaren etorkizunari "modu planifikatuan" heltzeko plana proposatu du EAJk
2026 eta 2027an kiroldegia "handitzeko eta hobetzeko" proiektua planifikatzea eta udal-kirolean inbertsio handiagoa egitea eskatu dio alderdi jeltzaleak udal gobernuari. Guztiontzako Herriaren kontrako bozkekin eta EH Bilduren abstentzioagaz mozioak ez du aurrera egin.
Gernika-Lumoko EAJk “urteetako mantenu eta inbertsio faltaren” ondorioz udal-kirol instalazioek duten egoera “larria” salatu du, azken osoko bilkuran [urriak 1] udal gobernuari horien etorkizunari “modu planifikatuan” heltzeko eskaria mozio bidez aurkeztuz. Guztiontzako Herriaren kontrako bozkekin eta EH Bilduren abstentzioagaz mozioak ez zuen aurrera egin.
Jeltzaleen esanetan, kirol-instalazioen egoerak denbora gehiegi darama “behar bezalako erantzunik” jaso barik, eta argi dute mantentze-lanetara zein inbertsioetarqa bideratzen diren baliabideak “ez direla nahikoak”. Izan ere, udal gobernuak udal.-kirola epe ertain zein luzerako plangintzagaz barik “adabakiak jarriz kudeatzen” duela deritze. Gainera, gogoratu dute Udal Kirol Patronatuak “aspalditik” daramala egungo finantzaketak mantentze eta inbertsio beharrei beharrezko erantzuna ematea ahalbidetzen ez duenaz ohartarazten.
Era berean, erabitzaile kopuruaren gorakada dela eta, Santanape Kiroldegia “txiki” gelditu dela nabarmendu dute: “Instalazioak nabarmen mugatuak gelditu dira”. Horregatik, 2026 eta 2027an kiroldegia “handitzeko eta hobetzeko” proiektua planifikatzea proposatzen duen aurkeztu zuten: “Proposatzen ari garena ez da puntualki egingo den jarduketa bat, ezta inprobisatutako konponbide bat ere. Gernika-Lumoko datozen urteetan beharko duen hori orain planifikatzea proposatzen ari gara. Arazoa da denbora gehiagi daramagula hori egin gabe”, ebatzi zuten ordezkari jeltzaleek.
EAJko zinegotzien proposamenak kiroldegiaren erabilerak berrantolatu eta zabaltzeaz gain, suhiltzaileen parkea ohia kirol-gunera gehitzea ere aurreikusten du, horrek beharko lukeen HAPOaren egokitzepena kontutan hartuta: “Badakigu Santanape txiki geratu dela eta badugula instalazio-multzoari gehitu dagokiokeen espazio bat. Beraz, egin beharrekoa planifikatzea da, beharrak aztertzea eta Gernika-Lumorentzat zer nolako kiroldegia nahi dugun zehaztea. Itxaroten jarraitzeak konponbidea zailagoa eta garestiagoa izatea baino ez du ekarriko”, azpimarratu zuten.
Instalazioen handitzea baina, ez da EAJkoen proposatutako esku-hartze bakarra. Jeltzaleek “ezinbestekotzat” dute Udal Kirol Patronatuaren finantzakea handitzea, eta igoera hori 2027tik aurrera “urtero 500.000 eurotan handitzea” eskatu dute. Diru kirol instalazioen mantentze lanetara eta inbertsioetara bideratuko litzateke: “Ezin ditugu kalitatezko kirol zerbitzuak eskatu eta aldi berean horiek mantentzeko beharrezko baliabideak jarri ez”.
Herritarren beharrei “berandu heltzaen” dien kudeaketaren aurrean “plangintzan eta aurreikuspenean oinarritutako udal-politika berreskuratzeko beharra agerian” gelditu da jeltzaleentzat, eta herriaren arazoak mahai gainean daudenean jarduteari utzi eta aurrea hartu beharra azpimarratu dute: “Zer behar dugun jakitea, hori planifikatzea eeta gauzatu ahal izateko beharrezko baliabideak aurrez aurreikustea, hori da proposatzen duguna”.