Hegaztien etorkizuna bermatzeko lanean ari den sarearen isla
Hegaztien Munduko Eguna ospatu dute aurten ere Urdaibai Bird Centerren. Herenegun [urriak 4], sarrera doakoa izan zen, eta 10:00etik 12:00etara, hegaztien eraztunketa-erakustaldia egin zuten. Teknika horren nondik norakoak eta kontserbazioarko daukan garrantzia ezagutu zuten bisitariek. Zentroaren arduradunek esan bezala, kontserbazioa ere “talde-lan handi bat” da: jatorri eta errealitate oso desberdinetako pertsonez osatutako komunitatea, hegaztiak eta haien biziraupenerako ezinbestekoak diren lekuak babesteko konpromisoak elkartua.
Hegaztiekiko “errespetu handiagoa sustatzeko” jardunaldia izan zen, baita hezeguneen garrantzia ezagutzera emateko ere: “Hegaztiak hobeto ezagutzea eta babestea, haien habitatak zaintzea eta planeta partekatzen dugun bidaiari hauei merezi duten balioa ematea izan dira helburuak. Hezegune bakoitzaren babesaren, hegazti bakoitzaren jarraipenaren eta kontserbazio-proiektuen atzean gero eta handiagoa den komunitatea dago. Behatzen, ikertzen, ezagutza partekatzen eta hegaztien etorkizuna bermatzeko lanean ari den pertsona-sarea dago”.

Argazkia: Urdaibai Bird Center
Hegaztien behaketak ez ezik, istorioak eta esperientziak partekatu zituzten, eta mokozabalak izan ziren eguneko protagonista nagusiak. 85 ale egon ziren goizean Urdaibaiko paduretan atseden hartzen eta elikatzen. Azaldu dutenez, gehienak aurreko gauean heldu ziren, “ekaitz bortitzaren aurrean, Urdaibain babesa bilatuz”. Urdaibai Bird Centerreko kideen hitzetan, mokozabalen talde horrek “esanahi berezia” eman dio Hegaztien Munduko Egunari. Izan ere, haizeak eta euriak migrazioaren gogortasuna gogorarazi bitartean, hegaztiek hezegunean babestuta atseden hartu zuten, eta agerian geratu zen zein garrantzitsua den migrazio-ibilbideetan zehar naturagune seguruen sarea kontserbatzea. Horrenbestez, Beste behin ere, padurak hegazti migratzaileentzat duen “funtsezko eginkizuna” agerian geratu zen: “Gelditzeko, indarrak berreskuratzeko eta eguraldiak migrazioa benetako erronka bihurtzen duenean babesa aurkitzeko lekua da”.
Urdaibaiko Hegaztien Munduko Egunaren enbaxadorea ere izendatu dute: Swin (NLTC) lau hilabeteko mokozabala: “Bidaiari gazte honek dagoeneko sekulako migrazio-balentria egin du; 4.000 kilometro baino gehiago egin ditu”. Bere istorioak Hegaztien Munduko Eguneko mezu nagusietakoa irudikatzen du: hegazti migratzaileek ez dute mugarik ezagutzen, eta haien kontserbazioak ere ezin du mugarik izan. Horrenbestez, haiek babesteko beharrezkoak dira lankidetza zientifikoa, hezeguneen kontserbazioa eta migrazio-ibilbide osoan elkarrekin lanean ari diren pertsona eta erakundeen sare zabala.
Daraman GPS igorgailuari esker, bisitariek eta teknikariek haren ibilbidea jarraitu ahal izan dute Global Flyway Network sarearen zuzeneko jarraipen-plataformara konektatutako pantailen bidez. “Mapan duen kokapen zehatza ikusteak urrunekoa dirudien istorio bat ukigarri bihurtzen du: lau hilabete besterik ez dituen hegazti bat Europako lurralde desberdinak lotzen, milaka kilometroko bidaian. Bere bidaiak agerian uzten du hegazti hauek bizitzako lehen hilabeteetatik herrialde eta lurralde desberdinen artean mugitzeko duten gaitasun harrigarria. Migrazio-sen indartsuak gidatzen ditu, eta etapaz etapa Urdaibai bezalako hezeguneen beharra dute atseden hartu eta elikatzeko”.

Argazkia: Urdaibai Bird Center
Behaketak. Eguneko behaketetan, besteak beste, 52 kuliska zuri, 39 zertzeta arrunt, 15 ahate buztanluze eta 12 ipar-ahate zenbatu zituzten, eta gainera, aintziran flamenko handi bat ikusi zen, elano urdin bat meandroaren inguruan, 22 koartza hauskara, eta 350 koartzatxo itzain inguru lotokian bilduta. “Interes handiko beste espezie batzuk ere ikusi ziren, tartean, zingira-mirotza eta hainbat limikolo, ahate eta paseriforme”.
Bestalde, eraztunketa zientifikoko saioan, hegaztien jarraipena eta kontserbazioa nola egiten dituzten erakutsi zuten, baita inguruan ohikoak diren hainbat espezie gertutik ikusi ere, besteren artean, txorru arrunta, kaskabeltz handia, txonta arrunta eta usapal turkiarra: “Sarritan oharkabean pasatzen diren xehetasunak ezagutzeko aukera izan zen, eta, batez ere, ulertzeko hegaztiak hobeto ezagutzea haiek kontserbatzeko ezinbesteko tresnetako bat dela”. Adituen eskutik, eraztunketak hegaztien mugimenduei, biziraupenari eta populazioen egoerari buruzko informazioa nola ematen duen ezagutu zuten partaideek. Azpimarratu dute datu horiek “funtsezkoak” direla espezieak hobeto ulertzeko eta behar dituzten habitatak babesteko.
Biodibertsitatea babestearen garrantzian ere sakondu zuten; izan ere, biodibertsitatea babestea hegaztiak behatzea “baino askoz gehiago da”. Haien populazioak aztertzea, dituzten beharrak ulertzea eta ezagutza hori espezieak zein haien biziraupenerako ezinbestekoak diren lekuak babesteko neurri zehatzetan islatzea esan nahi du.

Argazkia: Urdaibai Bird Center