Energiari buruzko jardunaldiak egingo dituzte Gautegiz Arteagan
Aste honetan egingo duten lehenengo saioa, eta aholkularitza teknikoa eskainiko dute.
Gautegiz Arteagako Udalak Energia Jardunaldiak prestatu ditu; aste honetan hasi eta otsailaren erdialdera bitartean, hainbat saio egingo dituzte. “Energia hobeto ulertu eta etorkizun jasangarriago baten alde egiteko” asmoz, informazioa eta hitzaldiak emango dituzte eta hausnarketarako tarteak ere hartuko dituzte: “Energiaren inguruan informatu, galdetu eta elkarrekin ikasteko aukera edukiko dugu”.
Eguenean (urriak 8) izango da lehenengo saioa, eta aholkularitza eskainiko dute 11:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 18:00etara bitartean, kultur etxean. Informazioa emateaz gain, herritarren zalantzak argitu eta energia aurrezteko edota modu arduratsuan kontsumitzeko aholkuak eta gomendio praktikoak emango dituzte. Izan ere, eguneroko ohituretan energia aurrezteko aukera txiki askok alde handia egin dezaketela gogoratu dute.
Orain dela hiru urte hasi ziren Barrizar Energia Zerbitzuen Kooperatibagaz lanean, eta horien eskutik, plaka fotovoltaikoak ipini zituzten udalerrian, eta azkenengo urteetan hainbat hitzaldi ere eman dituzte. Euren aholkularitzak lagunduta, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza lerro bat jaso dute, komunitate energetikoa sortzeko, komunitate horretarako izango diren plaka fotovoltaikoak instalatzeko eta energiari buruzko jardunaldiak antolatzeko. “Ikusi dugu energia berriztagarrietara saltoa emateko jendea kontzientziatuta dagoela herrian, herritarrek gogoa daukate, baina batzuek ez dakite zelan egin, eta horretarako, hitzaldiez gain, energia aholkularitzako saioak antolatu dira. Herritarrek euren kezkak azaldu ahalko dituzte, eta aholkularitza teknikoa emango zaie”, azaldu du Patrik Saitua Betanzos Gautegiz Arteagako alkateak.
Gau-Argi komunitate energetikoa sortu zuten udalerrian, eta azaroko bileran gaur egungo egoerari buruzko azalpenak emango dituzte. Diru laguntza jaso dute, eta 2027an udal eraikinetan ipiniko dituzte plaka fotovoltaikoak. 40.000 euro inguruko inbertsioa egingo dute, eta instalazioa egiteko, %90 diruz laguntzea lortu dute: “Komunitatean izena emanda daudenentzako izango dira momentuz, baina gerora, herritar gehiago batu ahalko dira komunitatera. Momentu honetan, udalaz aparte, beste hamahiru bat kide gara”.
Alkateak esan bezala, komunitate energetikoari buruzko hitzaldiez gain, energia berriztagarri mota desberdinei buruzko saioak ere egingo dituzte datozen hilabeteetan. Horrela, energia sortzeko dauden modu desberdinetan sakonduko dute herritarrek, adituen eskutik. “Eguzki-plakak, geotermia, aerotermia edo bestelako sistemaren bat ipintzea aztertzen ari dira herritar asko. Horregatik, horrelako hitzaldiak antolatzea garrantzitsua da, horietan jendeak bere zalantzak argitu ahal izaten dituelako. Gautegiz Arteaga jasangarriagoa lortzeko bidean aukerak ematen ditu”. Horrenbestez, jardunaldietan parte hartzera gonbidatu eta animatu ditu herritarrak alkateak: “Adibidez, aste honetako saioan era pertsonalean eta modu zuzenean hartuko dituzte, eta aukera ona izango da”.
Energia jardunaldien egutegia:
- Urriak 8 (11:00-13:30 / 16:00-18:00). Informazio-puntua: energia aholkularitza, kultur etxean.
- Azaroak 19 (18:30). Gau-Argi EBK herriari azaldu gaur egungo egoera hitzaldia.
- Abenduak 10 (18:30). Gasoi eta gas ordezkatzeko alternatibak hitzaldia.
- Urtarrilak 21 (18:30). Nola kontsumitu gutxiago eta energia sortzeko modu desberdinak hitzaldia.
- Otsailak 18 (18:30). Gau-Argi EBK etorkizunera begira hitzaldia.