110 lagun elkartu ditu Arratzuko Herri Martxaren hirugarren aldiak
Arratzuko III. Herri Martxak orain arteko parte hartzerik handiena izan zuen domekan [urriak 4], "urriko lehen domekan finkatuta" dagoela erakutsiz. 9 kilometro inguruko ibibidea oinez egin zuten askok eta beste batzuek berriz, autobusez, Denek elkarrekin bazkaldu zuten gero.
Argazkia: Goikuri Nagusien Elkartea Hiru urte bete dira arratzuarrek berriro ere zapatilak jantzi eta herri martxa berreskuratu zutela. Lehen bi aldien arrakasta eta herritarren artean sortutako giro “ederra” ikusita, Goikuri Nagusien Elkarteak, Egigun taldearen laguntzagaz, lehiarik gabeko belaunaldiarteko irteeraren hirugarren aldia antolatu zuen, erantzun “bikaina” izan zuena: 110 lagun inguru elkartu ziren, orain arteko parte hartzerik handiena izanik.
Hogeita bost urte inguruz geldi egon zen Arratzuko Herri Martxa, eta antolatzaileen helburua “herri ekimen gisa finkatzea” da, herritarrei elkarrekin “egun pasa paregabea” igarotzea aukera eskaintzea. Horregatik, oinezko ibilbidea amaituta, mahai inguruan elkartu ziren. Irteera baina, “denentzako” prestatzen dute eta oinez parte hartzerik izan ez zutenek, edo zuzenean bazkarira batu nahi izan zutenek, autobusez joateko aukera izan zuten.
Herri martxa oinez egitera animatu ziren herritarrak 10:00etan atera ziren Elexaldetik, herriko ermitak zeharkatzen dituen bederatzi kilometro inguruko ibilbidea egiteko: “Herriko ermitak bana-banan pasatu genituen, bakoitzean argazki bat aterata”, gogoratu dute antolatzaileek. Indarrak berreskuratzeko geldialdia ere egin zuten Belendizko Txokoan.
Irteera Santimamiñen amaitu zuten, eta Lezikan egin zuten bat oinezko zein autobusez parte hartu dutenak. Sabelak beteta, arratsaldean herrira itzultzeko autobusa izan zuten aukeran.
Arratzuko Herri Martxa “urriko lehen domekan finkatutzat” jo dute antolakuntzatik, eta horregatik, aurten zein azken urteetan izandako “harrera ona” ikusita, datorren urtean data berdinean itzultzeko gogoz daude.
Argazkiak: Goikuri Nagusien Elkartea.