Bikanditarren ganadu lotea, hautagaitza oro berretsita
Jon Koldo Bikandi ganadutegia seigarren aldiz gailendu da Urriko Lehen Asteleheneko Pireinaika Arrazako Lehiaketan. 102 abelburu bildu ditu ganadu txapelketaren 39. aldiak.
Bikandi familiako hiru abeltzain belaunaldiak. Urriko Lehen Astelehena ondo errotutako tradizioa da gernika-lumotarrentzat, eta tradizio horretan bere izena egiten egiten ari dira bikanditarrak. Azken bost aldietan nagusitu da Pirenaika Arrazako Lehiaketan, baina Jon Koldo Bikandi iurretarrak ez du gelditzeko asmorik, garaipenak pilatzen jarraitzeko gosez da, gaur [urriak 5] erakutsi bezala: ganadutegi onenaren saria jaso du beste behin. Ez hori bakarrik: zezenik gazteenaren eta behi heldu onenaren sariak ere bereganatu ditu.
39. ganadu azokak 102 abelburu bildu ditu Santa Ana parkean, iaz baino zazpi gutxiago, abeltzain zein abere industriarentzat “zaila” izaten ari den urte batean. Behietan agertzen den dermatosi nodular kutsakorra deritzon gaixotasun birikoaren larriaren gorakadagaz hasi zuten urtea, eta horren ondorioek gaur arte iraunda ere, horiei lehortea gehitu zaie: “Urte gogorra bizitzen ari gara; dermatosia zela eta, ezin ginen azoketara joan, etxean ere beldur ginen. Asko nabaritu dugu, azoka askotara joaten gara eta, diru kontuan antzemateaz gain, salmentei begira gure ganadua erakusten dugu; horretan ere eragin zuen”, aitortu du Koldo Bikandik, Jon Koldoren semeak. Lehortea tarteko, “inoiz baino jateko gutxiagogaz” dabiltza, eta azken bi hilabeteetan belar bazka ematen ari dira abelburuei: “Inoiz baino belar bola gutxiago ditugu, eta ikusiko dugu negua zelan doan”.
Jon Koldo Bikandi: “Urte gogorra bizitzen ari gara; dermatosia zela eta, ezin ginen azoketara joan, etxean ere beldur ginen”
Lehiaketa bi egunetan egin dute, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko 11 ganadutegiren parte hartzeagaz —iaz baino hiru gutxiago—: Gipuzkoarrek eta bizkaitarrek, launagaz, ordezkaritza bera izan dute ukuiluei dagokionez. Abelburu kopuruari dagokionez, bizkaitarrek 53 eraman dituzte eta gipuzkoarrek, berriz, 29. Nafarroatik hiru ganadutegi bertaratu dira, 20 abelburugaz. Hala, asko izan dira gaur zein atzo abelburuak gertutik ikusi eta epaileen lana bertatik bertara ezagutu dutenak. Abeltzain, ganaduzale, kuxkuxero zein eskoletako umeek ez dute hitzordua galdu, eta euskal pastela, gazta, eztia zein bestelako ekoizle eta artisau produktuak erosi eta Eusko Label ziurtagiridun okelaz egindako pintxoak dastatzeko ere aprobetxatu dute askok.
Ilusioa galdu barik.
Jon Koldo Bikandik, Juan Cruz Bikandi aitaren lekukoa hartuta, “presioz eta ilusioz” lehiatu du txapelketaren 39. aldia: “Badakigu noizbait galdu egingo dugula, baina inoiz ez gatoz galduko dugula sinetsita. Beti gatoz gure ganadua ahalik eta hoberen prestatzeko helburuz, hori bita gure ilusioa”. Sei garaikur bata bestearen atzetik eskuratuta ere, anbiziodun abeltzaina da, eta datorren urtean “aurtengoa baino aldea hobea” den lotea aurkezteko grina pizten dio.

Ganadutegi onenaren saria aitortu diote Karlos Oroz eta Juan Jose Urteaga epaileek buruen “kolore ona” azpimarratu dute: “Txahalak beste batzuenak baino gutxiago eginak badira ere, kolorez ederrak dira. Lizkuetan antzekoak ziren, eta agian honetan indar gehiago ikusi dugu: ganadu hankamotzagoa da, baina ondo prestatua”.
Koldo Bikandi: “Bat edo beste hautatzeko zalantzan aritzen gara: batek bata dio; besteak, bestea. Beti saiatzen gara lote trinkoa ekartzen, altuera eta kolore aldetik berdintsuak dena, burua ere ederra izatea”
Lehiaketara aurkezteko loteak eztabaidak sortzen ditu aita-semeen artean, baina azkenean emaitza ona izaten dela argi gelditu da azken urteotan: “Bat edo beste hautatzeko zalantzan aritzen gara: batek bata dio; besteak, bestea. Beti saiatzen gara lote trinkoa ekartzen, altuera eta kolore aldetik berdintsuak direnak, buruak ere ederrak izatea… Azkenean gauza askori begiratzen diegu: behiak txahala duen edo ez, errapeak ahal bada denek bete beteak izatea… Aurten bi ateratzeko moduan egon gara, bat homogeneoagoa eta beste bat apur bat gutxiagokoa. Hiru behi ezberdin ateratzeko moduan egon gara”.
Etxean bi hilabete daramatzate abelburuei belarra jaten ematen: “50 behi ditugu txahalak eginda, eta horiei derrigor eman behar diegu jaten. Arazoa izango da inoiz baino belar bola gutxiago egin ditugula eta inoiz baino arinago hasi garela jaten ematen. Poltsikoak asko nabarituko du. Dagoeneko kamioi batzuk ekarri ditugu janariagaz, eta igarriko dugu“.

Etxea da, hain zuzen, Jon Koldo Bikandi ganadutegiaren arrakastaren gakoetako bat. Gazteenari “lasaitasuna” ematen dio beti aitaren eta aitonaren laguntza duela jakiteak, Pirenaika Arraza bezalako txapelketetara iristeko “aurretik lan handia” egin behar baita: “Etxean bakarrik bazaude, ia ezinezkoa da”. Osaba, amona, aitona, ama eta anaiak, aita-semeek denak izan zituzten gogoan: “Beti daude laguntzeko prest, guretzat ezinbestekoak dira. Gaurkoa ez da gure lanaren emaitza bakarrik: etxeko denentzako saria da”.
Beste hainbat saritu.
Euskal Herrian zehar abere industriaren atzean dagoen lanaren erakusleiho izan da Santa Ana aparkalekua, eta, 39. aldiagaz, argi gelditu da Gernika-Lumoko txapelketa “erreferentea” dela: “Egun hau beti berezia da, agendan markatuta izaten dugu beti. Goiz-goizetik esnatu behar izaten bagara ere, ez digu axola: pozarren gatoz beti; gaur bezalako emaitzak jasota, are pozago”, nabarmendu zuten ganadutegi irabazletik.
Abelburuen kopuru eta mailak “oso zaila” egin dute epaileen lana, baina azkenean bazter guztietara iritsi dira sariak. Behi gaztetik onenaren saria Juan Antonio Ustarrozek, Nafarroa Garaiko (Senosiain) abeltzainak, lortu du, abereen “morfologia eta proiekzioagatik”. Zezen heldu onenaren sariak, ostera, Gipuzkoara jo zuen: Aitor Aranak pozik jaso du garaikurra. Intseminatutako abelbururik bikainenaren saria Arbaiza Anaiak ganadutegiak eskuratu du.
Iaz Juan Cruz Bikandi omendu bazuten, aurtengo aldian Josu Payaz Euskadiko okeletarako behien hobekuntzara genetikorako teknikaria eta Iñaki Arrazola Bizkaiko Foru Aldundiko abeltzaintza zerbitzuburua omendu zituzten, baita txapelketetan laguntzen duen Juan Jose Egañari “aipamen berezia” egin ere.