Gautegiz Arteagako Udalak 2027rako tasa eta zerga denak izoztea erabaki du
Etxebizitzak alokairu sozialera bideratzen dituzten jabeentzat hobariak eta egonaldi turistikoen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala onartu dituzte.
Gautegiz Arteagako Udalak 2027.urterako ordenantza fiskalen aldaketa onartu du iraileko osoko bilkuran. Udal ordezkariek nabarmendu dutenez, udalaren kudeaketa ekonomiko “osasuntsuari” esker, 2027rako zerga, tasa eta prezio publiko guztiak izoztea onartu dute aho batez, “herritarren erosahalmena babesteko helburuagaz”.
Bestalde, gogoratu dute zaborren tasa indarrean dagoen hondakinen araudiak ezartzen dituen betebeharretara egokitu behar dela, eta beraz, %25 igotzea onartu dute; hiru hilean behin 30,08 euro ordaintzetik 37,60 euro ordaintzera pasatuko dira: “Hondakinen lege berriak udalerrietako hondakinen bilketa eta kudeaketa zerbitzuaren kostu erreal osoa estaltzeko beharra ezartzen du, zerbitzua defizitarioa izan ez dadin”. Neurri horri buruzko bozketan kontrako botoa eman zuten EH Bilduko zinegotziek.
Bestalde, udalerriko etxebizitza-parkearen “erabilera bultzatu” eta alokairu sozialeko “eskaintza handitzen lagundu gura du Gautegiz Arteagako Udalak. Horrenbestez, hutsik dauden etxebizitzak alokairu-merkatura ateratzeko eta “etxebizitza eskuragarriak sustatzeko” helburuagaz, Eusko Jaurlaritzaren Etxebide, Alokabide eta pareko programen bidez etxebizitzak alokairu sozialera bideratzen dituzten jabeentzat hobariak edukiko dituzte. Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ/IBI) %99ko hobaria onartu dute, “Foru Arauak ahalbidetzen duen gehieneko neurrian”.
Egonaldi turistikoen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala ere onartu dute iraileko osoko bilkuran, udal gobernua osatzen duten EAJren aldeko lau botorekin, EH Bilduren kontrako boto batekin eta abstentzio batekin. Egonaldi turistikoen gaineko zerga urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean, eta zenbatekoak “inguruko udalerriekin koordinatuta” ezarri dira. Foru Arauak ezartzen duen tartearen barruan, “erdibideko zenbatekoa aplikatuko zaie etxebizitza turistikoei zein hotelei”. Nekazal edo landa etxeei, ostera, gutxieneko tarifa aplikatuko zaiela zehaztu dute. Udalaren helburua da turismo-jarduerak udalerrian sortzen dituen kostuak eta inpaktuak “arintzea”, turismo jasangarria “sustatzea” eta zergen bidez bildutako dirua espazio publikoaren “kontserbaziora” eta herriaren “onurara” bideratzea.