Euskal ohiturak aldarrikatu eta elkarrekin gozatzeko eguna
Hamazazpigarren Euskal Jaia ospatuko da bihar, Gernika-Lumon. Iaz bezala, Urdaibai Kantagunea Kantuzaleen Alkatekoek botako dute kultur etxeko balkoitik pregoia.
Urriko lehen zapatua iristeagaz batera, gernika-lumotarrek tradizioagaz, euskal historia eta folkloreagaz hitzordua dute: hamazazpigarren Euskal jaian batuko dira bihar [urriak 2], goizetik gauera arteko egitarauagaz.
Baserritar arropak jantzita, euskal izaera eta ohiturak kalera aterako dituzte beste behin herritarrek ofizialki 12:00etan hasiko den jaian. Iaz bezala, Urdaibai Kantagunea Kantuzaleen Alkartekoak izango dira kultur etxeko balkoira igo eta pregoia botatzeko ardura izango dutenak. Mezua ondo gordeta badute ere, aurreratu dute uztailean zendu zen Ana Ordoñez kantaguneko presidente ohia eta falta diren beste hainbat kantuzale omenduko dituztela: “Sentimendu berriagaz botako dugu pregoia, sentimendu gogorragoagoaz, barrukoagoagaz eta esanahi handiagoagaz. Hainbat urtez gure presidente izan den Ana hil da aurten, eta pentsatu dugu pregoiagaz batera berari eta kantaguneko bazkideak izan direnei, berdin herrikoak izan edo ez, bidelagun izan ditugunei aipamen berezia egitea. Pertsona erreferenteak izan dira, batez ere Ana, eta gogoratu egin nahi ditugu”.
Euskal Jaia, baina, txupina bota aurretik hasiko da aurten ere, Merkatu plazak Azoka Berezia hartuko baitu. Tokiko produktu eta lehen sektoreko jarduerekin beteriko azokak 09:00etan irekiko ditu ateak, eta 14:30ak bitartean lehen sektoreko produktuak zein artisau lanak ikusi eta erosteko aukera egongo da. Urriko Lehen Astelehenaren atariko Azoka Bereziak, baina, sukalkia izango du protagonista nagusi.
Edonola ere, kantagunekoek txupina botatzeagaz hasiko da jai giroa udalerrian zabaltzen. Musika, dantza, erraldoiak, txosnak, talo jana… Euskal Jaiak euskal izaera eta tradizioak islatzeko elementurik ez da faltako. Izan ere, Urdaibai Kantagunekoez gain, kalez kale ibiliko dira Elai Alai Dantzari Taldeko dantzariak, Segundo Olaeta Musika Eskolako trikitilari eta txistulariak eta Gazteak taldekoak ere. 12:30etik aurrera, gainera, Gargantua ere kalean egongo da.
Tradizioak eta euskal musikak kaleak hartzeko eguna da Euskal Jaia, baina baita “kantuzaleak batzekoa” ere. Horregatik, aurten ere Urdaibai Kantagunekoak ez dira bakarrik ibiliko: “Aurreko urteetan bezala Gernikako ekitaldi hau Ipar Euskal Herriko zein Hego Euskal Herriko kantuzaleek bat egiteko eguna da: kantak eta jantziak batu egiten ditugu”. Kantagunekoek azpimarratu dute ez dituztela “soilik antzinako kantak” abesten eta errepertorioan “gaur egun abesten direnak” ere badituztela: “Errepertorio anitza sortu nahi izaten dugu, antzinakoak eta agian ez hain herrikoiak direnak uztartu, adina edozein izanik ere herrian denok bat egin ahal izateko”.
Kultura eta euskara.
“Kultura, ohitura eta euskara ardatz” dituen Urdaibai Kantaguneak Euskal Herriko bazter ezberdinetatik iritsitako 11 talde batuko ditu aurten, eta 327 izango dira 15:00etan Merkatu Plazan egingo den herri bazkarian izango diren kantuzaleak. Aurretik, 13:30ean, Elai Alai Dantzari Taldekoek erregelak dantzatuko dituzte, Merkurio inguruan.
Bazkaloste onenetan egin legez, kanta eta dantzarako tartea egongo da arratsaldean, eta umeek ere beraientzako jolasak eta herri kirolak izango dituzte aukeran.
Iluntze aldera, berriz, trikiti soinuek lagunduta, kalejiran joango dira, Pasealekuranzko bidea eginez. Iaz berreskuratu zuten erromeriak jarraipena edukiko du aurten: 20:30ean Iraultza taldea igoko da oholtzara.
Euskal Jaiak “ahalik eta jende gehien” batzea dute helburu ekimenaren antolatzaileek eta, horretarako, eguneko ekintza guztietan parte hartzeko deia luzatu gura izan diete herritarrei: “Guretzat ez da kalerik kale ibiltzea bakarrik, herri osoan sortzen den giroa da Euskal Jaia; Merkurion, plazan… Plaza elkartzeko gune aproposa da; erabilera anitza dauka, eta horietako bat da herria mahaiaren eta abestien inguruan biltzea. Gure kultura ere bada hori. Gure ohiturak bertan sustatzen dira, eta gure kanta asko eta asko testuinguru horretan sortu dira”.
EGITARAUA:
Bihar.
- 09:00/14:30 Azoka Berezia: sukalkia, Merkatu Plazan.
- 12:00. Pregoia Urdaibai Kantagunea Kantuzaleen Alkartearen eskutik.
- Gero. Agurra eta txupinazoa, kultur etxetik.
- Ostean. Taloen txosnen irekiera, Merkurion eta Picasso kalean.
- 12:30. Gargantua Merkurio plazan.
- Eguerditik. Kantagunea eta kantuzaleak herriko kaleetan zehar, baita Elai Alai Dantzari Taldekoak, Segundo Olaeta Musika Eskolako trikitilari eta txistulariak eta Gaztea taldekoak.
- 13:30. Erregelak Elai Alai Dantzari Taldeko dantzarien eskutik, Merkurio inguruan.
- 15:00. Herri bazkaria, Merkatu plazan.
- Bazkalostean. Kantak eta dantzak partaide guztiekin.
- 16:00. Umeentzako jolasak eta herri kirolak Ure elkartearen eskutik.
- 19:30. Trikitixa kalejira Katapitakakoekin, Merkatu plazan hasita.
- 20:30. Erromeria Iraultza taldeagaz, Pasealekuan.