39. Euskal Herriko Pirenaika Arrazako Lehiaketan 11 ganadutegik parte hartuko dute
39. Euskal Herriko Pirenaika Arrazako Lehiaketak 11 ganadutegitako 103 abelburu batuko ditu domekan eta astelehenean.
Urriko Lehen Asteleheneko Azokan, 11 ganadutegitako 103 abelburu batuko ditu (96 eme eta 7 har) 39. Euskal Herriko Pirenaika Arrazako Lehiaketak, Santa Ana aparkalekuan; Bizkaiko eta Gipuzkoako launa ganadutegik eta Nafarroako hiruk parte hartuko dute.
Domekan [urriak 4] zein astelehenean [urriak 5] 10:00etan zabalduko dute azoka, eta lehenengo egunean arratsaldez ere zabalik egongo da.
Iñaki Gorroño Azoken eta Merkatuen zinegotziak eta Koldo Bilbao Lorra kooperatibako ordezkariak eta lehiaketaren koordinatzaileak eman dituzte xehetasunak gaur eguerdian [urriak 2].

Iñaki Gorroño zinegotzia eta Koldo Bilbao Lorrako ordezkaria gaur, Gernika-Lumoko Urriko Lehenengo Asteleheneko Azokaren aurkezpenean.
Lehiaketaren helburua da bertoko behi arraza “sustatzea eta jendarteratzea”, baita hobekuntza genetikoei esker dauden “aurrerapenak erakustea” ere. Gorroñok azaldu duenez, abeltzain “gazte asko” daude, eta hori “seinale ona” da: “Horrek esan gura du bai Euskal Herrian, bai Espainian, pirenaika arraza zabaltzen ari dela”.
Hamahiru sekziotan banatuko dute lehiaketa, hamar emeenak eta hiru arrenak izango dira, eta sekzio bakoitzetik lehenengo hiru sailkatuak sarituko dituzte. Besteren artean, urtero bezala, ganadutegirik onena, ar zein eme heldu txapeldunak, ar zein eme gazte txapeldunak eta hazi-jartzearen eme txapelduna aukeratuko dituzte. Horretarako, Karlos Oroz eta Juan Jose Urteaga ariko dira epaile lanetan. Ekitaldia Iñigo Iturregik aurkeztuko du: “Betiko moduan, abereak bertan daudela egingo dugu sari banaketa ekitaldia”.
Bilbaok ganadutegietako arduradunei eskerrak eman dizkie, eta arrazaren hobekuntza genetikoan egiten den lana azpimarratu du: “Arrazaren hobekuntza genetikoan egiten den lana erakustea oso garrantzitsua da, eta hori da gure helburua. Aurten lehorteak abeltzaintzan eragina eduki du, mehatxu handia izan da ganadutegientzat; oro har, lehenengo sektorean eragin du, eta eskertzekoa da ganadutegiek abelburuak lehiaketara ekartzea”.
Omenaldiak. Aurtengo aldian, Josu Payaz Euskadiko okeletarako behien hobekuntzara genetikorako teknikaria eta Iñaki Arrazola Bizkaiko Foru Aldundiko abeltzaintza zerbitzuburua omenduko dituztela iragarri dute.
Bestalde, beste urte batez, Eusko Label ziurtagiridun okelagaz egindako pintxoak dastatu ahalko dira, domekan zein astelehenean, eta era berean, hogei postu ipiniko dituzte ekoizle eta artisauek.