Zoramenak erakarrita bat egin dute
Juan Crisostomo de Arriaga Musika Kontserbatorioko ikasleak, Ondarreta Abesbatzako kideak eta Jon Urdapilleta eta Ander Marzana pianistek musika klasikoarekin jantzi dute Eako Eskolondo. MusikEAn zikloaren emanaldi denak "gozoak" izan dira, eta arduradunen berbetan, "aurtengoa biribila izan da".
Argazkia: Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldea. Musika klasikoaren koordenatuetan harrapatuta utzi ditu MusikEAn zikloak publikoa zein antolatzaileak. Euskal pieza asko entzun dituzte, baita nazioartekoak ere, ezagunak eta ez hain ezagunak, denak ere konpositore handienak. Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldeak eta Eako Udalak aurten ere asmatu dute proposamenagaz. Kultura taldekoek nabarmendu modura, “zoragarria” izan da: “Aurtengoa biribila izan da”. Maila oso altuko sortzaileak izan dituzte Eskolondoko frontoi egokituan, eta lau emanaldiak “oso gozoak” izan dira.
Agustin Bergara koordinatzaileak ere parte hartzaileen maila goraipatu du, eta kontzertu denek “harrera ona” eduki dutelako, gogobeteta amaitu du.
Bilboko J.C Arriaga Musika Kontserbatorioko hamar ikaslek eskaini zuten kontzertua lehenengo egunean. Askotariko instrumentuekin, pieza laburtxoak eta ezagunak eskaini zituzten, eta emanaldi “hunkigarri bezain ederra” izan zela adierazi dute kultur taldekoek: “Ikasle oso onak dira, eta profesionalen pareko kontzertua eskaini ziguten. Zoragarria izan zen, oso polita eta maila altukoa. Jendea oso pozik egon zen”. Bergarak esan bezala, “entretenigarria” izan zen: “Azken kurtsoetako ikasleak dira, eta kontserbatorioko zuzendariak aukera ona egin zuen”.

Argazkia: Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldea.
Barikuan, ostera, Ondarreta Abesbatzak bete zuen oholtza. 45 partaideek estilo zein garai desberdinetako musika eraman zuten Eara. Bergararen hitzetan, Ondarreta Abesbatza “apustu segurua” da. Kontzertu “atsegina” izan zen.
“Zikloaren aniztasunaren adierazgarri dira partaideen profilak ere. Esaterako, lehen egunetako kontrastea aipatu genuen; lehenengo eguneko musikariak oso gazteak ziren, eta bigarren egunean, berriz, jubilatuak eduki genituen, antolatzaileon adinekoak”, adierazi dute kultur taldekoek. Ahotsen teknikak aho zabalik utzi zuen publikoa, eta mugimendua ere nabarmendu dute: “Ahots ikaragarriak dituzte, baina koreografia aldetik ere berezia izan zen. Etengabe mugimenduan ibili ziren, kanta batetik bestera lekuz aldatzen ziren”.
Ikusteko eta ikasteko saioa izan zen; izan ere, Iñaki Moreno zuzendariak azalpen zehatzak eman zizkien, “bere bizitasuna” transmitituz. “Gure publikoa anitza da, eta eskertzen dira azalpenak. Aurten bai sortzaileen artean, bai publikoaren artean kontrastea egon da. Adin nagusiko herritar asko egoten da urtero, agian, herriko beste ekitaldi batzuetara joaten ez direnak. Gazteak ere animatu dira, eta Bizkaiko hainbat herritatik ere hurbildu dira, tartean, adituak. Denak ere gustura hartzen ditugu”. Antolatzaileen berbetan, publikoak erantzun du, eta urtez urte erantzuten du.

Ander Marzanak domeka arratsaldean eskaini zuen kontzertua.Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldea
Era berean, Jon Urdapilleta eta Ander Marzana pianistek maisutasunez erantzun zuten asteburuan. Urdapilletak publikoa “liluratuta” utzi zuen zapatu arratsaldean. Proposamen “erakargarria” eroan zuen Eskolondora. “Oso hurbilekoa da, eta, gainera, euskara hutsean osatu zuen emanaldia. Hori oso garrantzitsua da guretzat; parte hartzaileei beti esaten diegu euskara hobesten dugula. Denek euskaraz egin dute, eta asko gustatu zaigu hori ere”, azaldu dute HEAkoek. Marzana ere gertukoa da eurentzat: “Orain dela hamar urtetik ezagutzen dugu, kontserbatorioan Agustinen ikaslea zenetik. Bere emanaldia ere zoragarria izan zen”.
Biek ala biek euren eskaintzagaz asmatu zutela uste du zikloaren koordinatzaileak: “Programak oso ondo aukeratu zituzten, eta gainera, jotzeko moduak eta estiloak aldatu zituzten. Programa anitzak eta oso onak osatu zituzten, eta tartean pieza oso zailak ere jo zituzten”. Iritzi berekoak dira kultur taldekoak, eta Bergararen lana ere azpimarratu dute: “Piezen aukeraketa primerakoa izan da, eta hor Agustin Bergarak zeresana izan du. Sortzaileek aukeratu dituzte piezak, baina hark azaldu dien zelako publikoa daukan ziklo honek. Agustinek asko daki, eta ekarpen ikaragarria da berea; herriak asko irabazten du bere lanarekin, eta denok eskertu behar diogu». Ildo beretik, udal ordezkarien “sentsibilitatea” eskertu dute, eta zoramen horren parte diren denak gogoan izan dituzte: “Kultur taldeak eta udalak irailero antolatzen dugun zoramen musikal hau, eta jendeak erantzuten du, gustura dago, eta pozarren gaude. Balantze oso positiboa da; pozik egoteko moduan gaude. Seigarren aldia izan da, eta gero eta gehiago ikasten ari gara. Oso gustura egon gara”. Publikoaren eta sortzaileen artean harreman estua, berezia, sortu da; modu organikoan bat egin dute.