Udalari eskatutako informazioa jasotzeko eskubidea aitortu dio Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak LABi
Irailaren 10ean argitaratutako ebazpenean Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak 10 eguneko epea eman zion udalari LAB sindikatuari eskatutako informazioa emateko, baina gaur gaurkoz ez dute erantzunik jaso. Sindikatuko ordezkariek "jarrera aldaketa" eskatu diote udalari "eta bereziki, Nerea Revuelta langileria arloko arduradunari".
Gernika-Lumoko Udalak informazio publikoaren sarbiderako egindako eskaerak ezetzi dizkiela eta, udalean ordezkaritza handiena duen LAB sindikatuak Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordera jo zuen maiatzean, eta jasotako ebazpenaren berri eman dute gaur [irailak 29]: “Jaso dugun ebazpena argia da: LABek eskatutako informazio guztia jasotzeko eskubidea dauka, eta batzordeak hamar eguneko epea eman zion udalari informazio hori emateko”. Irailaren 10ean jaso zuen ebazpena sindikatuak baina gaur gaurkoz, ez dute inolako erantzunik jaso. Halere, eman beharreko hurrengo pausuak aztertzen egon arren, udalak “informazioa emateko benetako borondatea duen” ikusi nahi dute lehenengo.
Gardentasuna eta informazioa jasotzeko eskubidea “oinarrizko printzipioak” direla aldarrikatu dute sindikatutik: “Edozein herritarrek dauka informazioa jasotzeko eskubidea, betiere legeak ezartzen dituen mugen barruan. Halere, gure kasuan badago beste elementu bat ere: udal langileen ordezkariak gara eta, gaur egun, LAB da ordezkaritza handiena duen sindikatua. Gure lana egiteko informazioa behar dugu eta ezinezkoa da gure lana ondo burutzea kontratazioei, lan-poltsei edo langileei eragiten dieten espedienteei buruzko informazioa ukatzen bazaigu”, azaldu dute sindikatuaren egoitzan egindako agerraldian. Egoera “oso larritzat” dute sindikatukoek eta ez dute ulertzen udalean “normaltasunez” jaso beharko luketen informazioa lortzeko gardentasuna bermatzeko organo batera jo behar izana
Aldaketa, 2024an.
Indarrean dagoen agintaldira arte ordezkaritza lana egiteko beharrezkoa zuten informazioa udaleko langileria arloko teknikari eta langileen bidez jasotzen zuten sindikatukoek; 2024an baina, udalak teknikariengana jo beharrean “eskaerak idatziz egin behar” zituztela jakinarazi zien: “Hasiera batean ez zen arazorik egon; bizpahiru idatzi erantzun zizkiguten, baina 2025eko uztailetik aurrera gauzak aldatu ziren”.
Izan ere, 2025eko uztailetik 2026ko urtarrilera bitartean “sei idatzi” aurkeztu zituzten, besteak beste udaleko zein erakunde autonomoetako kontratazioei, lan-poltsen kudeaketari eta hainbat langileriako espedienteri buruzko informazioa eskatzeko: “Hilabeteak igaro ziren baina ez genuen idatzi bakar baten ere erantzunik jaso”.
Orduan jo zuten LABekoek Eusko Jaurlaritzaren gardentasuna kontrolatzeko berariazko organoa den batzordera, erreklamazioak aurkeztu eta espedientea ireki zezaten. Orduan hasi ziren udalaren erantzunak jasotzen: “Batzuetan informazioaren zati bat eman ziguten eta, beste batzuetan berriz, informazio hori jasotzeko eskubiderik ez genuela adierazi ziguten”. Orduan, beraien “eskubideak urratu” zirela iritzita, berriro jo zuten batzordera, eta hilabete honetan jaso dute ebazpena.
Negoziazio-mahaia aktibatzea.
Era berean, udal agintariek sindikatuekiko duten jarrera azken urteetan “nabarmen okertu” dela salatu dute, besteak beste informazioa lortzeko “gero eta zailtasun handiagoak” dituztelako eta negoziazio-mahaiak “desagertu” egin direlako: “Horrek guztiak gure ordezkaritza-lana oztopatzen du, udalean dagoen giroa gaiztotu eta langileen arazoei irtenbideak bilatzeko aukera ezeztatzen ditu”.
Udalaren asmoei edo informazio ukatzeari buruzko “espekulaziorik egin nahi ez” badute ere, “jarrera aldaketa” eskatu diote udalari eta bereziki, Nerea Revuelta langileria arloko arduradunari. Bi eskaera nagusi helarazi dizkiete; batetik, ordezkari sindikalei eskatutako eta jasotzeko eskubidea duten informazioa “garaiz eta behar bezala” ematea eta eskubide hori “normaltasunez” bermatzea eta sindikatuen lana ez oztopatzea eta, bestetik, negoziazio-mahaia berriro aktibatzea.
LABetik “egoera irauli nahi” dute eta udalari eskatu diote Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearen ebazpena “inflexio-puntu gisa hartzeko” eta mahai gainean dauden arazo guztiei heldu eta sindikatuekin batera konponbideetara heltzen saiatzeko.