Herriko komertzioek jantziko dute Pasealekua
Gernikako Merkatari Elkartuek elkarteak 'Gernika modan dago' desfilea antolatu du etzi [irailak 25] Pasealekuan, arratsalde guztirako egitarauagaz. Herriko 30 komertziok eta ehundik gora modelok parte hartuko dute.
Iker Olaeta, Noelia Serna eta Rosa Rementeria 'Gernika modan dago' desfilearen aurkezpenean Gernika-Lumoko Merkatari Elkartuak elkarteak Pasealekua moda ibiltoki bihurtuko du etzi [irailak 25], aire zabaleko laugarren Gernika Modan dago moda desfileagaz.
Aurreko urteetako arrakastagaz ekitaldia Gernika-Lumoren bizitasunaren eta espiritu berritzailearen eraskusle gisa sendotu da eta, beste urte batez, udalerriko “merkataritza, ostalalaritza eta zerbitzuak balioan jartzeko” baliatuko da. Kontsumitzaileei urtero onena eskaintzeko helburuagaz lan egiten du GMEk, eta horregatik, aurten aurreko urteetakoa baino “glamour gehiago” duen egitaraua atondu dute, heldu zein umeek arratsaldeaz gozatzeko aukera izan dezaten.
Umeen txokoagaz ekingo diote programazioari 16:30ean: “Umeentzako ludoteka egongo da Pasealekuan, baita hobby horse-a –hipika beganoa– ere”, azaldu du Noelia Serna elkarteko presidenteak. Ordu berean hasiko dute Yasoi Kusama kolore bizietako puntuak erabiltzeagatik ezaguna den artista garaiki japoniarrean oinarritutako Gernika puntuz-puntu jarduera ere: “Denok elkarrekin kolorea emango diogu gure Gernikari”. Arratsaldea girotzearen ardura Julio Veiga pianistaren esku geratuko da, Piano on the rock emanaldia eskainiko baitu. Modelo guztiak prest egon eta hitzordu nagusia hastera arteko denbora arintzeko gainera, bertaratutakoek foodtrucketan jan-edana erosteko aukera izango dute.
19:00tan helduko da moda desfilearen momentua. Aurten udalerriko 30 establezimendu baino gehiagok egin dute bat moda desfileagaz eta 100 modelo ez profesional baino gehiago jantziko dituzte, ile-mozketak egin eta arropa eta osagarriak utziz: “Herritarrak udalerriko komertzioak, terrazak, ile-apaindegiak… bisitatzera animatzeko eragingarria izatea nahi dugu”, zehaztu du Sernak. Aurkezle lanak Ainhoa Etxebarria eta Ugaitz Alegria ondarrutarrek egingo dituzte, eta musikaz Isma Pereira — El Conquistador — arduratuko da.
Saioak ordubete inguru irautea aurreikusten badute, hurbiltzen diren guztien erosotasuna helburu, metro erdiko altuera izango duen plataformaren bi aldeetan 400 bat aulki ipiniko dituzte. Gainera, ekitaldiko xehetasun txikienaz ere jabetu ahal izateko “bi pantaila erraldoi” kokatuko dituzte, desfilea zuzenean emitituko dutenak.
Aurten ere dantzak bere lekua izango du Gernika modan dago desfilean. Izan ere, ekimena burutu ahal izateko “ezinbesteko” lana egiten du Rosa Rementeriak, pasarelara igoko diren ehundik gora modeloak komertzioen eskakizunen arabera prestatzeaz gain, aurkezpen eta pase guztien arduraduna ere bada. Gainera, modelo asko Ross Dantza Eskolako ikasleak dira, eskolaren arduraduna den Rementeriak azpimarratu bezala, “herriko eta eskualdeko jendea, modelo profesionalak izan ez arren gernikako merkataritza sustatzeko boluntario gisa aurkezten” direnak”. Hala, dantza emanaldiagaz emango diote hasiera ekitaldi nagusiari, jarraian desfileagaz jarraitzeko.
Komertzio bakoitzak lau modelo izango ditu beraien produktuak oholtzan zehar erakutsi ahal izateko, eta horiek, udazkeneko eta neguko denboraldian udalerriko komertzioetan erabili ahal izateko 25 euroko bonoa jasoko dute ordainetan.
Basurdeak ere, modan.
Gonbidatu “bereziak” ere izango dira etzi Pasealekuan. GMEk aurten Gernika Rugby Taldeari eta klubeko jokalariei “ikusgarritasuna” ematea erabaki du, besteak beste elkarrekin “gustura” lan egiten dutelako. Iker Olaeta basurdeen kapitaina ere “pozik” agertu da herriko komertzioekin batera aritzeko aukeragaz: “Ohorea da guretzat desfilean parte hartzea, baina ez da gure ohiko eremua eta ea nola moldatzen garen eszenatoki gainean”.
Merkatari elkarteak tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak sustatu eta ikusarazteaz gain, “1.000 euroren zozketa berezia” ere antolatu du. Sernak gogoratu legez, egunotan Gernika-Lumoko elkartera lotutako komertzioetan erosketak egiten dituztenei zozketan parte hartzeko txartelak ematen ari dira. Zozketa desfilean egingo da, eta saria jasotzeko baldintza bakarra zozketaren momentuan Pasealekuan egotea izango da.