Zalantzak guztiak argitzeko anbizioz
Inversus Gernika Bizkaiak Euskal Kopa lehiatuko du gaur [irailak 22] eta domekan [irailak 25], eta urriaren 3an hasiko dute liga. "Egunerokotasunean lehiakorrak" izatearen garrantzia azpimarratu du Franky Garcia entrenatzaileak.
Inversus Gernika Bizkaiak 2026-2027 denboraldia aurkeztu du Ekoetxea Urdaibain Hamar egun falta dira Endesa Ligari ekiteko, eta Inversus Gernika Bizkaia denboraldiaurrearen azken txanpan murgilduta dago, Euskal Kopari ekingo baitiote bihar. Lesioak tarteko, aurreko denboraldia espero zitekeenetik urrun egon zela-eta, hori atzean uzteko prest ikusten ditu taldekideak Ane Olaeta kapitain gernika-lumotarrak: “Talde ezberdina da, baina bagoaz gure identitatea eraikitzen; ez da asko falta denboraldia hasteko eta azken ukituak prestatzen ari gara”.
Aurten fitxatu duten jokalarietako bat Estel Puigoggros kataluniarra da, eta aurreko denboraldian Unicajagaz Emakumezkoen Challenge Liga lehiatuta, Endesa Ligara jauzi egiteko “gogotsu” dago: “Talde gaztea gara, eta azkar jokatu nahi dugu; horretarako, garrantzitsua da denok elkar ezagutzea, eta horretan jarraituko dugu, egunez egun aurrerapausoak ematen. Baikorra naiz”.
Urriaren 3an hasiko duten ligari begira, helburua “betikoa” izango dela dela adierazi du Olaetak: “Ahalik eta partida gehien irabaztea”. Helburua lortzera bidean, garrantzitsua da jokalari guztiak beraien “posizioan gustura” aritzea, eta horretan zeresana izango du aurten taldearen lidergoa hartu duen Franky Garciak ere: “Gure egunerokotasuneko lana gogorra izan behar dela nabarmentzen digu, entrenamenduetan egiten duguna partiduetan islatzen delako”.
Entrenatzaile laguntzaile izatetik ardura gorena hartzera igaro da Garcia. Jauzia “naturaltasunez” bizi badu ere, aitortu du udan “lan zaila” egin behar izan dutela, babesle nagusiagaz harremana eteteak “ezjakintasun ekonomikoan” utzi baitzuen kluba: “Uda gogorra izan da, baina ezaugarri ezberdinak dituen multzoa osatu dugu, eta ea talde ona osatzeko gai garen”.
Liga “gero eta lehiakorragoa” da eta, helburu zehatzak finkatzea baino, “txapelketak non kokatzen” dituen ikustearen aldekoa da murtziarra. Argi dauka “egunerokotasunean lehiakorrak izatea” gako dela. Identitatea da hitza, eta sakrifizioa eta azken segundora arte lehiatzea gakoa: “Defentsan heltzen den eta erasoko lehenengo segundoetan dibertitzen den taldea izan nahi dugu, eta horren bila gabiltza, baina batez ere, izan nahi ez dugun hori definitzen ari gara”.
Murtziarrak laguntzaile lanetan izango ditu Mikel Retolaza busturiarra eta Maialen Markuerkiaga muxikarra. Retolaza “oso pozik” agertu da aukeragaz: “Pozik nago etxekoa naizelako, nire taldea, nire proiektua delako. Ametsa da niretzat; beharragaz, ekinagaz eta klubari esker bete dudan ametsa”.
Lehen entrenatzaile izateko “oso prest” dagoen Garciagaz eskuz esku lan egingo dutela eta, murtziarraren gaztetasuna —32 urte— prestutasunagaz ez nahasteko deia egin du: “Laguntzaile izan da sei urtez, azken hirurak Gernikan, eta oso prest dago; uste dut lan oso ona egingo duela”.
Babesle faltagaz uda “argia ikusi ezinik” igaro izanak jaso duen aukera “gehiago baloratzea” ekarri dio busturiarrari, eta orain, lan egitea besterik ez zaio gelditzen: “Taldea osatu dugu eta sentsazioak onak dira; muturretik muturrera pasa gara eta orain hori kudeatzen jakin behar da”.
Gernikakoa “klub txikia eta umila” da, eta “naturaltasuna” du oinarri. Jokalariei kamiseta granatearen pisua transmititzean ere rol garrantzitsua hartzeko aukera izango du entrenatzaile laguntzaileak: “Herri txikia gara eta jokalariak oso maitatu eta mirestuak sentitzen dira egunerokotasunean, baita Maloste betetzean ere”. Egitura aldetik baliabideak ezagututa, gabeziak indargune bihurtzeko lan egingo dute.
Etxekoak.
Talde gernika-lumotarrean hasi eta heziak biak, Malosteko kantxa eta harmailak ondo ezagutzen dituzte Olaetak eta Retolazak, baita zaleen berotasuna gertutik ezagutu ere.
Olaetaren berbetan, marea granateak taldeari ematen diona “ez dio beste inork ematen”, eta horregatik, partiduz partidu Maloste betetzea espero du: “Beti behar dugu beraien bultzada eta aurten ere partidu guztietara etortzera animatzen ditugu”. Era berean, garai latz zein gozoetan alboan izatearen garrantzia nabarmendu du busturiarrak:”Marea granateak erakustaldia eskaini zuen aurreko denboraldian, eta badakigu aurten interesa badagoela”.
Euskal Kopa.
Urriaren 8ko Malosteko hitzordua iritsi bitartean, taldea Euskal Kopan ikusteko aukera izango dute zaleek bai gaur, bai domekan. Emakumezkoen Ligako hiru euskal taldeak kantxaratuko dira Beasaingo Antzizar Kiroldegian. Gernikak Kutxabank Araskiren kontra jokatuko dute gaur, 19:00etan. Etzi, berriz, Kutxabank Araski eta Mirai Euskotren lehiatuko dira (19:00), eta domekan, 12:00etan, Mirai Euskotren eta Inversus Gernika Bizkaia.
Azken bi urteotan Gernika-Lumoko klubak irabazi du kopa, eta Gerardo Candina presidenteak balioan jarri ditu lehen taldearen zein klubaren 30 urteko ibilbideak: azken hamahiru denboraldiak ohorezko mailan jokatuta, bederatzi aldiz sailkatu da EuroCupera eta zortzi aldiz lehiatu du Erreginaren Kopa. Bestalde, babesle nagusi berriari eskerrak eman dizkio, “saskibaloi proiektuari duintasunez eustea” ahalbidetu duelako