Pianoa izango da protagonista aurtengo MusikEAn zikloan
Eguenetik domekara bitartean, musika klasikoa erdigunean ipiniko du MusiKEAn zikloak Ean, doako eskaintzagaz.
Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldeak eta Eako Udalak azken urteotako apustuari eutsi diote, eta Agustin Bergara koordinatzailearen gidaritzapean, lau egunetarako eskaintza prestatu dute. Eguenean (irailak 24) hasiko dute MusikEAn kontzertu zikloa, eta domekara bitartean, arratsaldero Eskolondo musikatuko dute. Emanaldi denak 19:00etan hasiko dira, doako sarreragaz.
Pianoa erdigunean ipinita dator aurtengo zikloa, eta seigarren aldi honetarako “egitarau anitza eta aberatsa” prestatu dutela azpimarratu dute kultur taldeko kideek: “Urtero iraileko zoramen zoragarri honek pizten du herritarren artean musika elkarrekin entzuteko plazera, eta MusikEAn udazkeneko ohitura izatera iritsi da gurean. Herritarren zein kanpotik espresuki horretara etorritakoen enkontrua bihurtu dira egun horiek Eskolondoko frontoi egokituan”.
Aurreko bi urteetan Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskola Publikoak ireki izan du zikloa, eta oraingo honetan, Juan Crisostomo de Arriaga Musika Kontserbatorioko ikasleekin hasiko dute. Bergarak 40 urtetik gora egin zituen bertan, eta azaldu duenez, bertako ikasleen artean “aparteko hautaketa” egin dute ziklorako: “Pianoa ere presente egongo da, ikasle batek joko baitu”.
Izen handiko bi piano jotzaile gonbidatu dituzte: Jon Urdapilleta eta Ander Marzana. “Aurtengoa batik bat pianora zuzendutako zikloa da, eta bi pianista oso on edukiko ditugu. Oso gazteak dira, eta ia umeak zirenetik ezagutzen ditut”, azaldu du zikloaren koordinatzaileak. Hain zuzen ere, Marzana Bergararen ikaslea izan zen, eta badaki zer den Eskolondoko areto betean jotzea, baita ziklo zein jaialdi ospetsuetan parte hartzea ere. Halaber, Urdapilletak ere ibilbide oparoa dauka, eta obra ospetsuak interpretatzen esperientzia edukitzeaz gain, nazioarteko zuzendariekin ere aritu izan da, eta Euskadiko Orkestrarekin zein Santa Cecilia Orkestrarekin bakarlari izateko ohorea eduki du.
Ondarreta Abesbatzako kideen ardura izango da barikuko emanaldia, eta haren maila ere goraipatu du Bergarak: “Abesbatza oso ona da, oso serioa eta handia. Abesti batzuk pianoagaz lagunduta eskainiko dituzte”. 1967an sortu zuten Areetan, eta Iñaki Moreno zuzendariak gidatuta, gaur egun 54 ahots mistoz osatutako abesbatza da. Programa zabala daukate, “oso ederra”; euren errepertorioan nagusi dira operak, zarzuelak, oratorioak, poema sinfonikoak, habanerak eta Euskal Musika Polifonikoa.
Urtero legez, zikloaz gozatzera hurbiltzeko deia egin dute antolatzaileek: “Bertokoak eta ingurukoak etortzera animatzen ditugu”. Aurreko aldietan euren proposamenak eduki izan duen harreragaz pozik daude, eta aurten ere aretoa betetzea espero dute: “Jende askok galdetu dit aurtengo zikloari buruz. Herritarrek gogoz eta ilusioz hartzen dute”. Hain zuzen ere, zikloaren koordinatzailearen hitzetan, “giro polita” sortzen da, eta aurreko aldiak “arrakastatsuak” izan dira: “Gure asmoa ez da garai zehatz bateko musika ekartzea; musika estilo asko ezagutzera eman nahi ditugu, eta kontzertu bakoitzak askotariko edukia izatea da asmoa, jendeak aniztasun horregaz goza dezan”.
Eskertuta. Era berean, Eako Udalari eta Erramun Mendibelanda artista eatarrari eskerrak eman dizkiete: “Erramunek sortu du aurten ere zikloaren irudia, eta oso ederra da. Kartel eta esku-programetan bere margolana izan dugu bidaide aurten ere. Eta udalagaz ere oso eskertuta gaude, kontzertu hauekin jarraitu ahal izateko, laguntzeko apustua egiten duelako urtez urte. Udalerri txikia da gurea, eta inguruko herrietan ez dago horrelako eskaintzarik”.
EGITARAUA:
- Irailak 24, eguena: J.C. Arriaga Kontserbatorioko ikasleak.
- Irailak 25, barikua: Ondarreta Abesbatza.
- Irailak 26, zapatua: Jon Urdapilleta piano jotzailea.
- Irailak 27, domeka: Ander Marzana piano jotzailea.

Ander Marzana piano-jotzailea, 2020ko emanaldian.Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldea