Ile mozketak, kirol egokitua ikusarazteko
Barbero Solidario elkartasun jaialdia hartuko du Gernika-Lumok domekan [irailak 20], Iparragirre Kalea ileapaintzaile, bizargin eta estetizistaz betez.
Gernika-Lumoko Industria Kalea elkartasun kolorez jantziko da domekan [irailak 20]. Sorkun Ileapaindegiko Sorkunde Ordorika dago 2019az geroztik gauzatzen den Barbero Solidario elkartasun festaren atzean eta, Haszten Elkarteagaz elkarlanean, aniztasun funtzionala duten adingabeek kirola egin ahal izateko beharrezko baliabide eta aukerak izatea du helburu. Horretarako, hamaika ekintzez osatuta egitaraua atondu dute domekarako.
Aurtengoa Barbero Solidario jaialdiaren seigarren aldia izango da, eta Ordorika «eskertuta» agertu da ekimenak orain arte izan duen erantzunagaz: iaz 2.110 euro biltzea lortu zuten, eta pandemiaz geroztik bildutako kopurua 13.000 eurotik gorakoa da. Irailaren ailegaeragaz jendea «Barbero Solidarioa noiz egingo den galdezka» hurbildu zaio eta, «ilusioz eta poztasunez» bizi ditu egunok: «Helburua argia da, Hasztenentzat ahalik eta diru gehien bildu eta kirol egokitua ikusarazteko». Misio horretan lanean dihardute Hasztenetik, eta beraientzat etzikoak bezalako ekintzak duten garrantziaren jakitun, «oso eskertuta» daude. Elkarteko ordezkaritza ere bertan izango da, elkartearen jarduna eta helburuak hurbiltzen diren horiei azaltzeko.
Ekarpenak egiteko hamaika modu egongo dira aurten ere Industria Kalean zehar. Sorkun Ileapandegiaren aurrealdean ile eta bizar mozketa solidarioak egiteko aukera egongo da bai gizonezko bai emakumezkoentzat. Kalea bertoko zein kanpoko ile-apaintzaile eta bizarginez beteko da, ahalik eta zerbitzu gehien eskaini eta itsulapikoa bete asmoz. Manikura egiteko aukera ere egongo da.
Eragileen babesa. Horrez gain, zozketetarako tiketak erosiz ere laguntzeko aukera egongo da. Zozketa 16:30ean egingo dute, eta sariak «herriko komertzioek emandakoak» izango dira. Herriko komertzio eta eragileen «inplikazioa» eskertu ditu bizarginak.
Eragileen laguntzagaz osatu dute egitaraua. Elai Alai Dantzari Taldeak, adibidez, zita inauguratzeko aurreskua dantzatuko du 10:00etan. Egunean zehar ez dira crossfit erakustaldia, Sustabiz Fundazioaren eskutik herri kirolak edota Asier Zugadiren eta Ross Dantza Eskolaren emanaldiak faltako. Horrez gain, Dai Bai Skateboardingen skate saioa eta DJa ere egongo dira.
Denetarik izango duen eguna izanik, Ordorikak herritar guztiei luzatu die bat egiteko deia.