Ikuspegi arkeologikotik memoria egin eta ondarea defendatuz
Gernikako Bakearen Museoak aldi baterako erakusketa berria du: 'Fosil gidaria: Gerra Zibilaren arkeologia'. Josu Santamarina eta Ander Gondrak komisarioek osatutako lana gaur [irailak 18] aurkeztu dute eta 2027ko otsailaren 27ra bitartean egongo da ikusgai.
Alderantziz irakurtzen den liburu bat bezala deskribatu daitekeen zientzia da arkeologia; amaiera —gaur artekoa behintzat— ezagutzen da aurretik, eta horretara iristeko bidea eta jatorria edo hasiera, gero. Besteak beste arkeologoei esker ezagutu dira aro ezberdinetako ezaugarri eta berezitasunak eta, historialari eta museoen laguntzaz, horietan sakondu eta XXI. mendera arte iritsi da iraganaren eta orainaren arteko etengabeko lotura. Orain arte garai batzuei “indarra eman bazaie ere, badirudi “Gerra Zibila alde batera” gelditu dela; ebidentzia asko, “bandalizatu edo gutxi zainduak” izatearen ondorioz, desagertzen hasita daude dagoeneko. 36ko gerraren aztarnak baina, “gure ondarea” dira eta “guztion artean defendatu eta zaindu beharra” dago.
Ondare hori sakonean ikertu zuen Josu Santamarinak Diziplinarteko Estrategia Zientirifikoak Ondarean eta Paisaian doktoregoa gauzatu bitartean, eta iaz, Euzkadi en ruinas. Arqueología de la Guerra Civil en el País Vasco (1936-1948) izeneko liburuan argitaratu zituen bildutako datu eta informazioak. Liburua egitean Ander Gondra izan zuen bidelagun, eta biek elkarrekin osatu dute Fosil gidaria: Gerra Zibilaren arkeologia erakusketa ere.

Ander Gondra, erakusketaren komisarioetako bat.
36ko gerrako espazioetan egindako indusketa lanetan aurkitutako objektuei buruzko erakusketa “ohore handiz” hartu du Gernikako Bakearen Museoak, erakusketa iraunkorrean jorratzen ez duten gai bati tartea egiteko aukera baita. Museoak gaur arte ez du arkeologiari zuzenean loturiko erakusketarik hartu baina, bi komisarioekin izandako hartu-emanaren ondorioz, Iratxe Momoitio museoko zuzendariari zein bertako lantaldeari “ondarea balioan jartzeko aukera polita” izan zitekeela iruditu zitzaien. Erakusketa gaur eguerdian [irailak 18] aurkeztu dute museoan bertan, eta 2027ko otsailaren 28ra bitartean bisitatu ahalko da, Gernikako Bakearen Museoaren ordutegian.
Josu Santamarina: “Aztarna horiek erakusten dute gerra ez dela iraganeko zerbait, etengabe eraikitzen ari den orainaldia baizik”.
Bakearen museoak arkeologia lehenago landu ez izana “normala” da, are gehiago 36ko gerrari lotzen bada; izan ere, garai horrek “gaur egun oraindik ez du ia presentziarik” Euskal Herriko arkeologia museotan. Isiltasun horrek bultzatu zuen Santamarina hamarkada bateko ikerketa burutzera; bidean, fronteetako defentsa-aztarnen bi katalogo osatu ditu, hainbat gerra-postutan indusketa lanak egin —San Pedro mendia, Keturako bunkerrak, Markinako bigarren defentsa-lerroa…— eta memoria historikoari lotutako hainbat elkarterekin harremanak ezarri ere. Denboran zeharreko bide luze horren emaitza da Fosil gidaria: Gerra Zibilaren arkeologia, 36ko gerraren azternei buruzko ibilaldi txikia: “Horiek erakusten dute gerra ez dela iraganeko zerbait, etengabe eraikitzen ari den orainaldia baizik”, dio Santamarinak.
II. Errepublikagaz amaitu eta gerra hasi zuen gerratik 90 urte bete dira aurten. “Zorionez” artxibo-iturriak kontsultagai daude gaur egun eta, memoria-lege berriei esker, iraganean baino “irisgarritasun handiagoa” dute: “Zorionez gutxinaka Gerra Zibilaren inguruko ezagutza handituko duten materialak desklasifikatzen joateko aukera dago”, adierazi du Gondrak. Ahozko iturriak lortzea baina, gero eta zailagoa da. Santamariak gudari batzuk elkarrizketatzeko aukera izan zuen indusketa lanetan zebilela, esaterako Mateo Balbuena, 2022an hil zen Euzko Gudarosteko azken gudaria.
Santamarina: “Pertsonak falta direnean geratzen zaigun guztia kultura materiala da”
Fosil gidaria.
Ikerlari eta idazlearentzat “pertsonak falta direnean geratzen zaigun guztia kultura materiala da —argazkiak, testuak…”. Eta, zergatik fosil gidaria? Fosil gidaria deritzelako indusketa prozesuan aurkitu eta noizkotasun nahiko zehatza egitea ahalbidetzen duten objektuei. Gernikako Bakearen Museoan zehar bildutako objektuek iraun egin dute, eta ez hori bakarrik, “gaur egungo mundua osatzen dute”. Euskal Herriaren “historia tragikoaren parte” izateaz harago, erkiliak ere badira: “Erlikiak dira, gorroto diskurtsotik, militarismorik eta genozidiorik gabeko etorkizuna irudikatzera behartzen gaituztenak, hau da, faxismorik gabeko geroa”, nabarmendu du doktoreak.
Santamarina eta Gondraren lanak “materialismotik” ere edaten du, museoan zeharreko ibilbidean ikusi bezala. Zortzi ardatzetan banatutako lana da, eta besteak beste, zementua, metala eta papera aipatzen dira: “Arkeologia zientzia apurtzailea da. Ezagutza lortzeko teknika estrategikoa jarraitu behar da, aurrera egin eta ezezagunera iristeko. Bidean baina, ezezagun hori suntsitu egiten da. Papera, adibidez, material izugarri hauskorra da eta inork ez luke pentsatuko biziraun eta gaur arte heltzea posible denik, baina bada”, nabarmendu du Gondrak.

Komisarioek erakusketatik kanpo utzi dituzte “agerikoenak” diren elementuak, zuzenean batailekin lotura dutenek elementu belikoak edota desobiratzeak, kasu. Horren ordez, garaiko “egunerokotasuna” ekarri gura izan dute Gernika-Lumora, panel eta fosil gidarien bidez duela bederatzi hamarkadako errealitatea gertuagotik antzemateko aukera eskainiz.
Ibilbidearen hasieran, Lurra. Ahanztura-geruzak atalean, Santamarinarentzat deigarriena den ikuspegia antzeman daiteke: paisaien “erabateko eraldaketa”: “Belardi batean lubaki bat zegoen tokian, gaur egun pinu landaketa bat dago, eta badirudi horrek lekuaren iragan belikoa ezkutatzen duela”. Zementuzko irlak sailean, berriz, Santamarinak 2016az geroztik Euskal Kultur Ondarearen Zentroaren laguntzaz dokumentatutako”210 defentsa-posizio baino gehiagoren presentzia” aipatzen da, bai Euzko Gudarostearenak, bai armada errebelde edo frankistarenak. Defentsa-posizio batzuetan gaur egun oraindik hormigoizko gotorlekuen aztarnak ikusgai jarraitzen dute, gatazkaren aurpegi “teknologiko eta hotzaren” erakusle izanik.
Euzko Gudarostean borrokatu zutenek heriotzari zein espetxe frankistetako zigorrei aurre egin behar izan zen eta, ondoren, Francoren 40 urteko diktadurak isiltasun erregimena ezarri zien gudari eta euskal milizianoei. Borrokalariak baina, gerra betean, hainbat gratifitan utzi zuten beraien arrastoa. Ikerlariarentzat, grafitiak faxismoaren aurka borrokatu eta ondoren ahanztura pairatu behar izan zutenen “ahots galduak —eta berreskuratuak— dira” eta horregatik, Grafitiak. Ahots galduak deitu du atala. Erakusketan jasotako grafitiak bi multzotan sailkatu ditu Gondrak: izaera identitarioa dutenak —norbanakoen izen-abizenak— eta izaera komunitarioa dutenak: “Bataloia, kolektiboa, alderdi politikoa edota mugimendu sindikala jasotzen dira, besteak beste. Eredu asko daude erakusketan”.

Erakusketako gune “berezienetakoa” Lubakiak. San Pedro/Askurengo objektuak, San Pedro/Askuren. Defentsa posizio baten autopsia eta Metala. Milizioaren txapa atalek osatzen dute. Izan ere, San Pedro/Askuren mendia Euzkadiko Gudarostearen defentsa-posizioa izan zen 1936 eta 1937 urteetan eta, bertan egindako lau indusketa kanpainetan borroka-frontearen ikuspegi “gordin eta intimoa” eskaintzen duten fosil gidariak aurkitu zituzten: metraila-zatiak eta armamentu ugari identifikatzeaz gain, egunerokotasuneko objektuak ere aurkitu zituzten, esaterako, txupitu kopa bat edo erabat tolesturako koilara eta sardexka.
Lurpean aurkitzen diren pertsonak izen-abizenez identifikatzea “zaila” izaten bada ere, badira salbuespenak; esaterako Fosil gidaria: Gerra Zibilaren arkeologian jasotako identifikazio-txapa: “2018an, Manuel Mogrovejo miliziano komunistaren identifikazio-txapa aurkitu genuen San Pedro mendian. Zornotzan jaioa, borrokalari honek lehen pertsonan bizi izan zituen Gerra Zibileko eta Bigarren Mundu Gerrako gertaera historiko nagusiak”. Mogrovejok “tragedia eta fortuna” uztartu zituen bere bizitzan zehar: Mauthausengo esparru nazian itxialdia jasan zuen, baina izugarrikeria hartatik bizirik irtetea lortu zuen “errepublikar bakarrenetakoa” izan zen.

“Garaipenetik” harago, Francok “garaituei zigorra eta erorien —”caídos por Dios y por España” direlakoak— omenez gurtza” ezarri zituen. Lurraldea monumentuz bete zuen, askok gaur egun oraindik gurutze, uztarri eta geziak bezalako sinboloak dituztenak. “Garaipenetik” harago gelagaz “garaipenaren B aldea” islatzea bilatu dute komisarioek: “Pieza hauek frankismoaren “Historiaurreari” buruzko ikuspegi ezberdina eskaintzen digute”.
*
Ander Gondra: “Orain arte lehen lerroan aurkitu dugun emakume izen bakarra da KATALINA”.
Lan osagarriak.
Gernikako Bakearen Musean ohikoa den moduan, oraingoan ere erakusketa beste hainbat diziplinetako artisten ekarpenagaz osatu da, eta komisarioek horien “laguntza paregabea” eskertu gura izan dute. Veronica Domingo artista bizkaitarrak, esaterako, Keturako bunkerrean (Araba) dokumentatutako grafiti batzuk berrinterpretatu ditu olio-pinturan. 1937an, Madrid Batailoiko miliziano sozialistek zementu freskoan 30 bat inskripzio grabatu zituzten eta, Domingoren lanean KATALINA izena nabarmentzen da, “orain arte lehen lerroan aurkitu den emakume izen bakarra”.
Mateo Zikutah eta El Garto musikari arabarrek ere beraien ekarpena egin dute; izan ere, Ketura operazioa rap diskoa kaleratu dute aurten, Keturaren bunkerrak eta grafitiak oinarri dituen letra eta erritmoak sortuta. Taxio Ardanazek, ostera, “ibilbide luzeko bere ikerketaren lagun bat” laga die Gondra eta Santamarinari. Nafarrak hamarkada bat baino gehiago darama gudu-eszenatokiak eta Gerra Zibilaren oroimenezko lekuak bisitatzen: “Eyes izeneko bere lanean, bi proiektorek aldi berean marka eta inskripzio multzo bat argitzen dute, gatazkaren ikuspegi berezi eta argitaragabea eskaintzen duena”, nabarmendu dute. Diapositiben proiekzioak, tiro hotsen soinua erreproduzitzen du, ikusleari testuingura bidaiatzea ahalbideratuz.

Azkenik, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumek Alemanen kanposantue, 2017an Urbinako herrian (Araba) egindako Kondor Legioaren hilarri baten moldea den lana utzi diete: “Beti izan zen momentu arbuiatua herrian. Iratxek eta Klasek hilerriaren negatiboa erakusten dute, mailukaden inpaktu-marka guztiekin eta bere erresistentzia-seinale batzukin”, azaldu dute komisarioek. Hilarria 2018. urtean kendu zuten, momentuaren aztarna bakarra Alemenan kanposantue izanik.
Gernikako Bakearen Museoari eta Momoitio zuzendaria eskerrak emateaz gain, erakusketaren bi egileek Arabako Bibat Arkeologia Museoari, Bilboko Euskal Museoari eta Guardiako Adiskideen Elkarteari –Sancho el Sabio Fundazioaren bitartez— ere eskerrik beroenak helarazi dizkiete, erakusketan ikusgai dauden “hainbat piezaren maileguagatik”.