Ikastetxeak Belodromoan ekimenean parte hartuko du Urdaibai Bird Centerrek
Zinemaldiaren baitan egiten dute Ikastetxeak Belodromoan ekimena, eta Urdaibai Bird Centerreko Edorta Unamunok Urdaibain garatzen diren hegaztien jarraipenerako eta ikerketarako hainbat proiektu aurkeztuko ditu.
Urdaibai Bird Centerreko Edorta Unamuno. Urdaibai Bird Center Zinemaldiak asko eskaintzen du, eta askotarako ematen du Kursaaletik harago, eta horren adibideetako bat da Ikastetxeak Belodromoan ekimena. Zinema, zientzia, teknologia eta dibulgazioa uztartzen dituen proposamena da: “Ciudad de Cine, Ciudad de Ciencia lelopean, Ikastetxeak Belodromoan ekimenak zinemaren eta zientziaren arteko lotura erakutsiko die milaka ikasleri, modu hurbil eta dibertigarrian”.
Gaurtik irailaren 25era bitartean, Donostiako Antonio Elorza Belodromoa milaka ikasleren topagune bihurtuko da. Hegazti migratzaileak dira aurtengo aldiaren ardatz nagusia, eta Migrazioa, bidaia ahatezina (Migration, 2023) proiektutako dute gaur, 10:00etatik aurrera eta datorren astean (astelehenetik barikura egunero proiektatuko dute, 10:00etan).
Gipuzkoako 80 ikastetxetako 6 eta 11 urte bitarteko 13.000 ikasle inguru batuko ditu Zinemaldiaren baitan antolatutako proposamen horrek. Horiek hegaztiek Europa eta Afrika artean egiten dituzten migrazio-bidaiak ezagutzeko aukera izango dute. Gainera, jardueraren bidez, hezeguneek eta padurek hegazti migratzaileen ibilbideetan daukaten garrantzia ezagutuko dute, baita ekosistema horiek zaintzeak daukan balioa ere.
Urdaibai Bird Centerrek ere parte hartuko du ekimenean, hegaztien mundua eta haien migrazioak gazteei hurbiltzeko. Edorta Unamuno biologo eta ornitologoak Urdaibain garatzen diren hegaztien jarraipenerako eta ikerketarako hainbat proiektu aurkeztuko ditu, ikasleekin naturaren eta zientziaren inguruko esperientziak partekatuz.