Euskal Kopara begira dago Inversus Gernika Bizkaia
Datorren astean Beasainen lehiatuko dute Euskal Kopa Inversus Gernika Bizkaiak, Mirai Euskotrenek eta Kutxabank Araskik.
Beasaingo Antzizar Kiroldegian erabakiko da aurten Euskal Kopa. Emakumezkoen Ligako hiru euskal taldeak ligari ekin aurretik kopa altxatzeko gogoz kantxaratuko dira.
Inversus Gernika Bizkaiaren eta Kutxabank Araskiren arteko norgehiagokarekin hasiko dute kopa eguaztenean (irailak 23), 19:00etan.
Barikuan (irailak 25), berriz, Kutxabank Araski eta Mirai Euskotren lehiatuko dira, 19:00etatik aurrera, eta domekan (irailak 27), 12:00etan hasiko da Mirai Euskotren eta Inversus Gernika Bizkairen arteko partidua.

Beasainen aurkeztu zuten Euskal Kopa.Euskadiko Saskibaloi Federazioa
Beasainen aurkeztu zuten atzo Euskal Kopa, eta bertan egon zen Ane Olaeta Gernika-Lumoko klubeko jokalaria. Aitortu zuen beretzat “berezia” dela Euskal Kopa, eta liga hasierara begira, froga garrantzitsua dela: “Pertsonalki berezia da niretzat, derbi denak bereziak direlako. Pozik eta gogotsu nago, eta uste dut denboraldiaurrea amaitzeko froga ona izango dela. Aurkari biak talde oso onak dira. Emakumezkoen Liga kategoria oso ederra da, kategoria onena”.
Jon Santamaria Mirai Euskotreneko entrenatzaile laguntzaileak esan bezala, “lehiatzeko gogoz” daude taldeak, eta horretarako, Euskal Kopa da “eszenatoki onena”: “Denboraldiaurrea oso ondo doa, eta taldera etorritakoak nola moldatzen diren zein taldean landutakoaren ostean nola gauden ikusteko, zer hobeto Gernikaren eta Araskiren kontra jokatzea baino”. Ilusioz beteta daudela azpimarratu zuen, eta zale asko hurbiltzea eta ligan edukitzen duten “derbi-giroa” egotea espero dute.
Gorka Nuñez Kutxabank Araskiko prestatzaile fisikoarentzat ere hitzordu berezia izango da, beasaindarra baita: “Gure taldeagaz hemen egon ahal izatea, ohorea da niretzat. Hemen hazi eta hezi naiz, eta bertoko klubean urte askotan jokatu dut eta entrenatzailea ere izan naiz; sentsazio berezi da. Beasaindar denak ikustera etortzera gonbidatzen ditut, Emakumezkoen Liga munduko onenetakoa baita”.

Beasainen aurkeztu zuten Euskal Kopa.Euskadiko Saskibaloi Federazioa