Azoka giroa, musika eta dantzak nagusi, Xixili agurtzeko egunean
Santa Eufemia egunez, tradizioa eta jai giroa nahastu dituzte bermeotarrek, euriari aurre eginez. Lamerako azokak, musikak eta bertsoek girotu dute goiza; arratsaldean, kirolak eta Xixiliren Doluzko ibilbideak ekarriko dute jaiaren amaiera.
Bemeotarrei heldu zaie Xixiliri agur esateko eguna. Santa Eufemia egunez, izan ere, udalerriko kaleetan eta plazetan mahona soinean jantzi dute, azkenekoz. Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaien azken txanpan sartu dira herritarrak eta herria baserri giroan murgildu da gaurkoan [irailak 16]. Gainera, euria ez da oztopo izan aurreikusitakoa betetzeko, eta bide batez herriko kale esanguratsuenak jendez betetzeko.
Beste behin, Lamerako eta Taraska enparantzako azokek protagonismo berezia izan dute: Lameran, besteak beste, baserriko produktuak nagusitu dira, eta bisitari zein herritar askok aukera izan dute barazki, gazta, opil eta bestelako jakiak eskuratzeko. Taraskan, berriz, ohiko abereen azoka izan da protagonista, herriko auzoetako baserrietako abereak herritarrengana hurbilduz.

Jai giroaz aparte, baina, tradizioak ere jantzi ditu herriko txoko desberdinak. Hala, ekitaldi nagusietako bat udal korporazioaren agerraldia izan da. Udalbatzak 12:00etan Alkate Soinua entzun du Goiko plazan, eta, Aiarako Musika Banda eta Bermeoko Txistularien laguntzagaz, Gazteluraino joan dira. Han, berriro entzun dute doinu berezia, eta Bermeoko Erraldoien Konpartsaren emanaldia zein Aiarako Musika Bandaren kontzertua izan dira. Erraldoien konpartsak, gainera, ezustekoa ere izan du Gaztelun. Hain zuzen ere, konpartsak 20 urte betetzen ditu aurten, eta Bermeoko Udalak omenaldia egin dio. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak lore sorta eta oroigarri bat eman die taldekideei: “Urte hauetan guztietan gurekin egon izana eskertu nahi diogu Bermeoko Erraldoien Konpartsari, gure herriko kaleak kolorez eta erritmoz jantzi dituelako eta alaitasuna ematen digulako”.

Gauzak horrela, herriak dantzan jarraitu du. Abesten jarraitu du. Elkar besarkatzen jarraitu du. Ze, Gazteluz aparte, gainontzeko kaleetan ere izan dute oihartzuna erraldoiek eta trikitilariek; Arrekatxutxak doinuz jantzi ditu Bermeoko txokoak, festa herrikoia are gehiago piztuz.
13:00etik aurrera bertsolaritzak hartu du lekukoa Gaztelun, balkoitik balkoirako saio berezian. Onintza Enbeita Maguregi, Aissa Intxausti Aburruza eta Alaia Martin Etxebesteren saioaz gozatzeko, plaza jendez bete da, euriari aurre eginez.
Azoka eta bertso artean, elkartasuna ere ardatz izan dute Bermeon: minbiziaren aurrean mobilizatzeko, ikerketa onkologikoa sustatzeko eta pazienteari zein bere inguruari ematen zaien arreta gizatiarragoa izan dadin aldarrikatzeko, Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideak diru bilketan batu dira gaur, 10:00etatik 14:00etara bitartean, Taraskan eta Lameran.

Arratsaldean ere ez da zer eginik faltako. Alde batetik kirola izango da nagusi, V. Bermeo Hiria Inpesca Pilota Festibalaren finalagaz. 19:00etan hasiko da, Artza Frontoian. Bestalde, musika eta jai giroa mentenduko da: Aiarako Musika Bandak txoko guztiak musikatuko ditu, eta txosnetan Xixiliren Kluedoa egingo dute, kuadrilen lehiarako.
Eta orduan bai, bermeotarrentzat une triste bezain hunkigarria helduko da. Xixiliren agurra. Urteroko Doluzko ibilaldia egingo diote, lehenik. 21:30an, Goiko plazatik abiatuko dira, eta portuan amaitukod ute, Xixili errez eta jaiei ofizialki amaiera emanez.
Aurten, ordea, nahiz eta Xixili gaur erre, zapatura arte mantenduko da jai giroa herrian, ze, zapatuan lehiatuko den Bermeoko Banderaren baitan, hamaika gauza antolatu dituzte egunotarako. Txosnak ere zapatura arte zabalik egongo dira, eta besteak beste, herri bazkaria prestatu dute eguerdirako.