"Erabilera publikoan eta gizarte interesean oinarritutako neurria hartu da"
Itsas Adar futbol zelaiaren emakida lortzeko eta instalazioaren "etorkizuna bermatzeko" lanean ari da Busturiko Udala.
Busturiko Itsas Adar futbol zelairako sarbidea nagusian hesia ipini zuen udalak, eta horri buruzko eztabaida edo gaizki-ulertuak ekidin eta egoera argitu asmoz, oharra kaleratu du. Gogoratu dute itxitura kentzeko eskaera Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren Kostaleen Demarkazioak egin duela, eta ez Eusko Jaurlaritzak.
Itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoko lursail horiek okupatzeko, udal-futbol-zelaia erregularizatzeko helburuarekin, udala instalazioaren emakida lortzeko lanean ari da: “Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsasertzeko Zuzendaritzarekin lanean ari da udala, instalazio honen emakida lortzeko eta instalazioaren etorkizuna bermatzeko“. 2025eko azaroaren 4an sinatutako dago eskaria, eta urriaren 5era arte dago informazioa eskuragarri Irekian (Eusko Jaurlaritzaren atarian) berau kontsultatu, eta nahi izanez gero, alegazioak aurkezteko.
Segurtasun arrazoiengatik itxi zuten sarbide nagusia, “bandalismo-ekintzak sarritan” gertatzen zirelako, eta zehaztu dute ez zela asmoa paduretarako sarbidea oztopatzea: “Behin eta berriz gertatutako bandalismo-ekintzen aurrean hartutako erabakia da”. Besteren artean, leihoak eta kristalak apurtzea, ateak behartzea, pintaketak egitea, ibilgailuak instalazioetara sartzea eta maniobra arriskutsuak egitea, kristalak egotea eta bertan alkohola edateko biltzea zerrendatu dituzte: “Egoera horiek arrisku nabaria zekarten futbol zelaia erabiltzen duten haur eta gazteentzat”.
Udaletik azaldu bezala, kostaldeei buruzko legeriak zenbait sarbide arautzeko aukera jasotzen du, “beste igarobi-alternatiba batzuk” egonez gero, eta kasu honetan, horrela da: “Ingurura sartzeko beste sarbide batzuk daude, eta, beraz, itxiturak ez du eragozten paduretarako sarbide orokorra, eta sarbide hori ez da inoiz erabat itxi. Kirol-instalazio bateko sarbideetako baten aldi baterako itxiera paduren itxierarekin nahastea ezin dugu onartu. Busturiak ez ditu bere padurak itxi; paduretarako sarbidea librea da udalerri osoan. Itxiturak zelaiko sarbide nagusiari baino ez dio eragiten”.
Udal ordezkarien hitzetan, “erabilera publikoan eta gizarte-interesean oinarritutako neurri bat hartu du Busturiak”, udalaren kirol instalazio hori eta bertako erabiltzeak babesteko: “Futbol zelaiak eta klubak funtsezko gizarte eginkizuna betetzen dute, edozein administrazio-gairen gainetik. Zelaiak garrantzi soziala dauka eta zerbitzu izugarria eskaitzen du”.
Udalerriko futbol klubaren lana ere balioan ipini du udalak, klubaren funtzionamendua posible egiten duten “denen lana baliotsiz eta publikoki aitortuz”; izan ere, adierazi dute horiek eskuzabaltasunez “aparteko lana” egiten dutela: “Haien lana kirol arlotik harago doa; giza eta gizarte inplikazio handia dago, bereziki klubeko ume eta gazteekin”. Klubak udalerriari zein eskualdeari egiten dizkion gizarte eta hezkuntza ekarpenak “benetan garrantzitsuak” direla nabarmendu dute udal arduradunek.
