Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkartekoek "gizarte osoaren lankidetza eta inplikazioa" eskatuko dituzte Santa Eufemia egunean
Ekarpen ekonomikoak biltzen egongo dira Santa Eufemia egunean, 10:00etatik 14:00etara bitartean, Taraskan eta Lameran.
Minbiziaren aurrean mobilizatzeko, ikerketa onkologikoa sustatzeko, eta pazienteari zein bere inguruari ematen zaien arreta gizatiarragoa izan dadin aldarrikatzeko, Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideek Diru Bilketaren Eguna prestatu dute Santa Eufemia egunerako (irailak 16). 10:00etatik 14:00etara bitartean, Taraskan eta Lameran egongo dira.
Elkartearen datuen arabera, iazko hitzorduan, Bizkaian 55.000 eurotik gora batu zituzten: “Diru-bilketaren Egunean egiten den ekarpen oro lagungarria da Minbiziaren Aurkako Elkarteak minbizia duten pertsonei eta beren familiei eskaintzen dien doako zainketa integralari eusteko”. Aurtengo kanpainan, Gelditzen zarenean, minbiziaren aurka mugitzen gara lelopean, keinu baten balioa azpimarratu nahi dute: elkartearen itsulapiko edo mahai batean gelditzea, hau da, mugimendu bat martxan jartzea, gai da ikerketa sustatu, arreta hobetu eta itxaropena sortzeko.
Elkarteak gizarte osoaren “lankidetza eta inplikazioa” eskatzen ditu. Izan ere, ikerketa onkologikoan aurrera egiten jarraitu nahi dute, 2030erako minbizian % 70eko biziraupena lortzeko eta gaixotasun hori duten pertsonen eta beren familien arreta integral gizatiarragoa indartzeko: “Arreta onkologikoa gizatiarrago bihurtzea ez da soilik gaixotasuna ikuspegi medikotik tratatzea; aitzitik, erantzun hurbilagoa, gizatiarragoa eta integralagoa eskaini behar da, gai izan dadin gaixotasunean zehar sortzen diren behar guztiei erantzuteko: klinikoak, emozionalak, fisikoak, sozialak eta bidelaguntzakoak”.
Adierazi dutenez, Minbiziaren Aurkako Elkartearen laguntzari esker, “3.000 ikertzaile baino gehiago” ari dira egunez egun lanean, pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko eta 2030erako % 70eko biziraupena lortzen laguntzeko. Elkartearen helburu nagusien artean dago gaixotasunaren fase guztiak aztertzen dituzten ikerketak sustatzea. Gaur egun, Bizkaian 41 proiektu babesten ditu elkarteak, eta, horretarako, 7,7 milioi euroko zuzkidura dauka.