Eako Udalak hamabi ikastaro prestatu ditu ikasturte honetarako
Dantza, aireko yoga, gitarra, perkusioa, euskara, ingelesa, eskalada, yoga, pilates, mantenu-gimnasia, zumba eta entrenamendu funtzionala ikastaroak antolatu ditu Eako Udalak ikasturte honetarako.
Irailaren 23ra arte izena eman daiteke. Horretarako, udala@ea.eus helbidera inprimakia elektronikoki sinatuta bidali daiteke edo udaletxean utzi (astelehenetik barikura 09:00etatik 14:00etara) daiteke. Era berean, egoitza elektronikoaren bitartez ere izapidea egiteko aukera dagoela adierazi dute.
Urriaren 1etik maiatzaren 28ra bitartean emango dituzte. Euskara ikastaroa doakoa da. Dantza, aireko yoga, eskalada eta ingeles ikastaroen prezioa hileko 20 euroko da, eta pilates, yoga, zumba eta mantenu gimnasiakoa, berriz, 27 eurokoa. Entrenamendu funtzionalaren kasuan, hileko kuota 36 euroko da. Gitarra eta perkusio ikastaroetan izena ematen dutenek ostera, hileran 45 euro ordainduko dituzte. Erroldatutakoek %25eko edo %50eko deskontua izan dezakete, bizikidetza-unitatearen diru-sarreren arabera. Kasu horretan ezinbestekoa izango da deskontuen eskaera inprimakia aurkeztea.
Musika ikastaroetan izan ezik, gainontzekoetan taldea sortzeko, gutxienez sei ikaslek izena eman beharko dute: “Euskara ikastaroen kasuan, gutxienekoa zortzi pertsonakoa da eta, udalak kostua bere gain hartzearen truke, parte hartzeko konpromisoa eskatuko dio izena ematen duenari”. Ikastaroetan baja emateko eskaera udalean egin behar da. Bajak eskatu eta hurrengo hilabetean gauzatuko da, eta beraz, baja eskatzen den hilabeteari dagokion zenbateko osoa ordaindu beharko da).
Ikastaro batzuen egunak zehaztu dituzte: yoga saioak astelehenetan eta eguaztenetan izango dira, 19:00etatik 20:30era; aireko yoga eguaztenetan landuko dute, 17:30etik 18:30era; pilatesa martitzenetan eta eguenetan, 10:00etatik 11:00etara; mantenu gimnasia astelehenetan eta eguaztenetan, 09:30etik 10:30era; zumba martitzenetan eta eguenetan 10:00etatik 11:00etara; helduen dantza saioak eguaztenetan izango dira, 17:30etik 18:30era, eta umeenak ere egun berberetan, 18:00etatik 19:30era.
Ikastaroez gain, iraupen mugatuko tailerrak ere izango direla iragarri dute, besteren artean, zirkua, lehen sorospenak, irakurzaletasuna sustatzeko tailerrak.