DuranGALDUEK taldekoek jantzi dute irabazlearen zapia
Eskualdeko Haritz eta Itsaso eta Bypasseu taldeek Bizkaiko Taldekakoaren finalaurrekoak lehiatu zituzten zapatuan [irailak 12] Zornotzan, baina ez zuten finalera sailkatzerik izan. Durangaldeko Lirio Loreak eta DuranGALDUEK izan ziren finalean.
DuranGALDUEK taldeak irabazi du bosgarren Bizkaiko TaldekakoaBizkaiko Bertsozale Elkartea Bizkaiko Bertsozaleon Egunak bertsoz bete zuen herenegun [irailak 12] Zornotza. Elkartearen egunaren barruan lehiatu zituzten Bizkaiko Taldekakoaren finalaurrekoak eta finala eta, Busturialdeak bi ordezkari izan bazituen ere, DuranGALDUEK taldekoek jaso zituzten irabazlearen zapia eta oparia.
Ohi legez, egunari jarritako koplak abestuz hasi ziren bertsozaleak lehenengo finalaurrerako giroa berotzen. Busturialdeko bi talde zeuden finalaurrekoetarako sailkatuta, bakoitza kanporaketa batean. Hala, Aitor Etxebarriazarraga, Ander Elortegi, Enare Muniategi, Mikel Retolaza, Onintza Enbeita eta Unai Aldana bertsolariek osatutako Haritz eta Itsaso taldeak, Far Westeko bertsolariak (Enkarterri-Ezkerraldea-Meatzaldea), DuranGALDUEK (Durangaldea) izan ziren Euskal Herria plazan bertsotan aritu ziren lehen taldeak.
Eguzkiak gogor jo arren, bertaratutakoak gozarazi zituzten bertsolariek. Izan ere, publikoak zeresana izan zuen jardunaldiaren garapenean: epaileen zein bertsozaleen bozken bidez erabaki ziren finalistak: lehen kanporaketan, DuranGALDUEK taldeak.

Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea
Finalerako lehen txartela banatuta, kalejiran batu ziren guztiak bigarren geralekura joateko. Lehen txandakoek ez bezala, Asier Galarzak, Eider Fernandezek, Janire Arrizabalagak, Jokin Abaituak, Julen Ibarguengoitiak eta Koldo Gezuragak osatutako eskualdeko Bypasseu taldeak, Karidadeko masokistak (Uribe Kosta) eta Lirio Loreak (Durangaldea) taldeek aterpea eduki zuten giro berari aurre egiteko lagun. Saio “ederra” eskaini zuten hirurek baina bozkak zenbatuta, Lirio Loreak talde hasi berria sailkatu zen finalera.
Goizeko “giro itzela” eta gero, mahai-inguruan batu ziren denak, jai edanaz gozatzeko. Bazkalostean, Xabier Amuriza izan zen mikrofonoa hartu eta hainbat bertso bota zituena; besteak beste Lazkao Txiki ekarri zuen gogora, haren jaiotzaren mendeurrena betetze baita bihar [irailak 15]
Finala.
Indarrak berreskuratuta, 18:00ak inguruan ekin zioten Arkaitz Zipritia eta Beñat Vidalek zuzenduriko finalari. Bertsozale Elkartetik adierazi dutenez, goizeko saioetan eta bazkarian egon ziren bertsozaleez gain, “hainbat lagun ere batu ziren finalarekin gozatzera”.
Saio “freskoa eta bizkorra” eskaini zuten DuranGALDUEK eta Lirio Loreak taldeek: “Umoretik ere asko izan zuen”, nabarmendu dute antolatzaileek. Azkenean, publikoak eta epaileek lehen finalaurrekoaren garaileei aitortu zien garaipena.
Hala, Ainhoa Urienek, Araitz Katarainek, Irune Basagoitik, Iruri Altzerrekak, Ixone Asategik eta Kemene Abaituak jantzi zuten bosgarren Bizkaiko Taldekakoaren irabazlearen zapia.