41 postuk osatu dute Mendatako 28. Nekazal Azoka
Nekazal Azokak eta Euskal Oiloaren Lagunen Topaketak "jende asko" batu du asteburuan Mendatan, eta udaletik «balorazio positiboa» egin dute.
Euskal Oiloa erosteko aukera egon zen azokanAnder Guerrero Mendatako Nekazal Azoka lehen sektoreko ekoizle eta artisauen topaleku bihurtu da asteburuan, 28. aldiz. 41 postuk osatu dute aurten herritarrentzat galduezina den iraileko bigarren domekako azoka, eta “jende asko” bertaratu da horietan eskaintzeko zutena bertatik bertara ezagutu, dastatu eta erosteko asmoz. Aurretik, barikuan ere hurbildu ziren herritar zein bisitariak udalerrian antolatu zuten II. Euskal Oiloaren Lagunen Topaketara. Mendatako Udalak asteburuak utzitakoaren “balorazio ona” egin du.
Eguraldiak Nekazal Azokaren erantzuna baldintzatu dezakeenaren jakitun, eskertuta agertu da Joseba Mallea Mendatako alkatea: “Eguraldi ona izan genuen eta hori zen printzipala; gero, postuetako jendeak ere esan digu nahiko ondo saldu zela, jende asko etorri zea eta harrera ona izan zela”. “Urtero moduan pozik” daude udal ordezkariak, azoka antolatzeko “lan asko” egin ostean, jendea “gustora” ikustea baita beraien ordainsaria.
Bertaratutakoek lehen sektoreko produktuak ezagutu zituzten: “Ortuariak, gazta, eztia, antxoa eta txakolinagaz 18 postu egon ziren eta, frontoian, artisauen beste 20 postu. Oiloen beste hiru postu ere egon ziren: bi herrikoak eta Eoalak Elkartearen beste bat”.
Iaz ezin izan zituzten oiloak ekarri, aurten ordea, bai: “Leku askotatik etorri da jendea oiloak erostera, esaterako Durangotik, Elgetatik…”. Txerriki pintxo solidarioak, puzgarriak eta idi probak ere ez ziren falta izan.
Ilusioari eusten
28 urteren ostean oraindik “ilusioz” antolatzen du udalak azoka: “Ahalegin handia egiten dugu, baina jendeak erantzun egiten du. Adibidez, aparkatzen laguntzeko jendea izaten dugu eta Mendatara datorrenak badaki kotxea non utzi izango duela”.
Herritarrek azoka aurrera eramateko eskaintzen duten laguntza azpimarratu du alkateak.