Euskarara hurbiltzeko pausoak, ateak zabaltzeko bide
Hamaika helburugaz heltzen dira ikasleak Gernika-Lumoko Aita Villasante Udal Euskaltegira eta, denen beharrak asetzeko, 2026/2027 ikasturtean ere, A0-tik eta C2 mailara arteko eskolak eskainiko dituzte. Matrikula irailaren 25a bitartean egin daiteke.
Dakitenek erabiliz eta ez dakitenek ikasiz. Arlo kultural, sozial, profesional zein akademikora begira euskaran trebatu gura duten hango eta hemengo pertsonen topaleku da Aita Villasante Udal Euskaltegia duela 42 urtetik. Hasieratik euskararen normalizazioa eta erabilera sustatzeko helburuagaz jardun du, hezkuntza sistemaren osagarri gisa, 16 urtetik gorakoak euskaldundu eta alfabetatzeko misioagaz. Hasierako helburuei tiraka jarraituko dute 2026/2027 ikasturtean ere.
Imanol Urbietaren hitzei jarraiki, dakitenek ez dakitenei erakusten jarraituko dute: udal euskaltegiko langileek eskaintza zabala eskaintzen jarraituko dute, maila edozein izanik ere, euskara pertsona guztiengana iristeko. Beste urte batez, A0 mailatik hasi eta C2 mailara bitarteko saioak eskainiko dituzte, eta urtero legez, maila guztietako taldeak osatzen saiatuko dira, bai goizeko, bai arratsaldeko ordutegian, «txandaka dabilen jendeak ere aukera» izan dezan.
Hasierako mailetako taldeak «batez ere pertsona etorkinek» osatutakoak izaten dira euskaltegian; maila altuagoetan, berriz, helburua «instrumentalagoa» izaten da: titulua lortzea: «B1-etik hasi eta C2-ra arteko tituluren bat lortzea izaten da helburua gehienbat, eta horra bideratzen ditugu taldeak».
1984an Aita Villasante Udal Euskaltegiak ateak zabaldu zituen garaiagaz alderatuz gero, azken urteetan beherakada izan du ikasturteko matrikula kopuruak. Eskaria «beherantz» doa baina, halere, itxaropenari eusteko arrazoirik badago: «Hasierako mailetan etorkinen presentzia indarra hartuz joan da azken urteetan, eta badirudi, euskara ikasteko prozesuan sartzeko interesa badaukatela. Aurreko ikasturtean bi talde eduki genituen, aurretik hiru ere izan genituen… Azken urteetako albiste pozgarria izan dira hasierako mailetako taldeak».
Aurrekoari eutsita
Aurreko ikasturtean bere jarduteko moduan aldaketa esanguratsua izan zuen udal euskaltegiak, maila guztietan asteko bi saio eskaintzera igaro baitziren —aurretik astean lau eguneko saioak ziren—. Ikasleen eskaerari erantzunez eman zuten jauzia, eta ikasturteak utzitakoaren balorazioa «positiboa» da, erantzun «oso ona» izan baitzuen: «Batez ere hasierako mailetan ikasturtea bukatzea lortu zuten pertsonen kopurua handiagoa izan zen. Lau eguneko erritmoan asistentzia arazoak edota gorabeherak sortzen ziren, eta askok utzi egin behar izaten zuten, oso gogorra zelako bestelako zereginekin uztartu ahal izatea. Aurreko ikasturteko bi taldeetan asteko bi saioekin erantzun ona egon zen». Ez bakarrik hasierakoetan, maila aurreratuetan ere positiboa izan zen aldaketa eta, horregatik, ikasturte berrian aurrekoari eusteko apustua egin dute.
Zabalik dago matrikulazio epea, eta izena ematen hasita daude euskara ikasleak. Lehenengoz arituko dira batzuk, euskaraz trebatzen jarraitzeko gogoz eta anbizioz beste batzuk. Izan ere, udal euskaltegiko lehen ikasturteak utzitako emaitzekin «pozik», ikasten jarraitzeko borondatea erakutsi dute batzuek: «Aurreko ikasturtean talde handiak izan ziren, hamabi ikasle ingurukoak, eta ikasturtea amaitzean, talde bakoitzeko sei edo zazpi aurten jarraitzeko prest agertu ziren». Horietako batzuek dagoeneko ikasturte berrirako izena eman dute: «Batzuek uste dute berritzea automatikoa dela, eta matrikula berriro egin behar dutela gogoratu behar zaie».
Euskara ikasteko interesa daukaten 16 urtetik gorako norbanako guztiek osatu dezakete matrikula, irailaren 25era bitartean. «Ahalik eta erraztasun gehien» eskaini asmoz, izen ematea egiteko bide ezberdinak eskaini dituzte Aita Villasante Udal Euskaltegian aurten ere: euskaltegira hurreratzea —Artekalea Kalea, 8, Gernika-Lumo—, 94-627 02 11 telefono zenbakira deitzea edo euskaltegia@gernika-lumo.eus helbide elektronikora idaztea.
Diru laguntzak
B1 eta B2 mailetako taldeak sortzeak eragiten die «lan handiena» azken urteetan euskaltegiko langileei, eta oraindik matrikula egiteko denbora badago ere, aurten ere horrela izango dela uste dute. C1 mailara, ordea, «gero eta gazte gehiago» hurbiltzen dira: 16 eta 18 urte bitartekoentzako dauden aparteko diru laguntzek eragina izan dezakete horretan.
Hain zuzen ere, ikasketa orduko euro bat eta hemezortzi zentimoko tasari eutsiko dio euskaltegiak beste urte batez. Halere, euskara ikasteko pausoa ematen dutenentzako «hainbat diru laguntza mota» daudela gogoratu dute. Ohikoez gain, «euskara ikasteko aukera ematen duen eredu berria» aurkeztu du aurten Eusko Jaurlaritzak: Euskara Bonua. «Bonuagaz 120 euroko ordainketa bakarra egin eta lau ikasturte egiteko aukera izango dute A0 edo A1 mailetako ikasleek», azaldu dute euskaltegikoek.
Bestetik, Gernika-Lumon erroldatuta daudenentzako diru laguntzak ditu Gernika-Lumoko Udalak. Gainera, langabezian daudenentzat, etorkinak direnentzat eta %33tik gorako ezintasuna dutenentzat doakoa da euskara ikastea.
Halaber, ikasturtekoaren zenbatekoa ordaintzen laguntzen duten diru laguntzak ere badaudela esan dute, besteak beste, asistentziari lotutakoak edota Euskara Zerbitzuaren diru sarreren zein bakoitzaren mailaren araberakoak.
Era berean, inguruko udalerrietako zenbait udalek ere gordetzen dituzte euskara ikastea laguntzeko diru sailak.