Musika proiektu bati eskainiko diote IX. Sormen Beka
Proposamenak aurkezteko azken eguna irailaren 21a [astelehena] izango da. Sortzaile berriek banaka zein taldeka parte hartu ahal izango dute.
Argazkia: Gerediaga Elkartea Durangoko Udalak eta Gerenediago Elkarteak 61. Durangoko Azokako Sormen Bekarako proposamenak aurkezteko epea zabaldu dute. Aurten musika proiektu bat sustatzea izango du helburu bekak. Sortzaile berriek banaka zein taldeka parte hartzeko aukera izango dute. Proposamenak gerediaga@durangokoazoka.eus helbide elektronikora bidali beharko dira eta irailaren 21a [astelehena] izango da horretarako azken eguna.
Euskarazko ekoizpena eta sortzaile berrien lana sustatzeko helburuagaz sortu zuten Sormen Beka 2018an. Rol jokoak, musika diskoa, ikus-entzunezkoa, antzezlana, erakusketa, komikia… beka “kultur sorkuntzako diziplina ugaritan” kokatu dela nabarmendu dute bultzatzaileek. Aurten ere musika izango dute erdigunean.
Oinarrietan zehaztu dutenez, 18 urtetik gorako sortzaile berriek aurkeztu ahal izango dituzte beraien proposamenak, hau da, ibilbide luzekoak ez diren, bakarka zein taldeka gehienez bi lan kaleratu dituzten, bost kolaboraziotik gora egin ez dituzten edota diskoetxe batekin kontraturik ez duten sortzaileek.
Musika proiektuak jatorrizko sormen-lanak izan beharko dute eta “ez dira adimen artifizialarekin sortutako lanak onartuko”. Gainera, proposamenak hitzik badu, “euskarazkoak” izan beharko dute.
Sustatzaileek aukeratzen duten sortzaile edo taldeak 15.000 euro jasoko dituzten proiektua garatzeko. Gainera, sormen lana 2027ko Durangoko Azokan aurkeztuko dute.
Interesdunek Durangoko Azokaren webgunean —durangokoazoka.eus— eskuratu ditzakete bai Sormen Bekako deialdiaren oinarriak bai bestelako informazioa.