Bizkaiko Taldekakoa asteburuan erabakiko da
Bizkaiko Bertsozaleon Egunaren barruan, Bizkaiko Taldekakoaren finalaurrekoak eta finala jokatuko dituzte zapatuan, Zornotzan. Busturialdeko Haritz eta Itsaso eta Bypasseu taldeak sailkatu dira finalaurrekoetara.
Ekainaren 12an Gernika-Lumon jokatu zuten kanporaketa bat.Bizkaiko Bertsozale Elkartea Bizkaiko Taldekakoaren finalaurrekoak eta finala jokatuko dituzte zapatuan [irailak 12], Zornotzan. Hain zuzen ere, bertan ospatuko dute Bizkaiko Bertsozaleon Eguna: «Egun osoko jaia izango da. Bizkaiko Bertsozale Elkartetik urtero antolatzen dugu irailaren hasieran Bizkaiko Bertsozaleon Eguna, eta aurten, ekitaldi biak bat eginda, egun osoko plana izango dugu». Busturialdeko bi talde ariko dira finalaurrekotan: Haritz eta Itsaso eta Bypasseu.
11:30ean Xiberu tabernan elkartuko dira, eta ohikoa den legez, egunari jarritako koplak kantatuko dituzte. Ostean, finalaurrekoak jokatuko dituzte Zornotzako kaleetan. 12:00etan hasiko dute lehenengoa eta 13:30ean bigarrena. 15:00etan, ostera, Propi Jatetxean bilduko dira bazkaltzeko, eta bazkalostean jokatuko dute Bizkaiko Taldekakoaren finala.
Sei talde. Haritz eta Itsaso, Far Westeko Bertsolariak, DuranGALDUEK, Bypasseu eta Lirio Loreak taldeak zein bere kanporaketa irabazita sailkatu dira txapelketaren finalera, eta horiekin batera, Karidadeko masokistak taldeak osatuko du finalaurrekoetako seikotea. 12:00etatik aurrera, Haritz eta Itsaso, Far Westeko Bertsolariak, DuranGALDUEK taldeek jokatuko dute lehenengo finalaurrekoa, eta bigarrenean ariko dira Bypasseu, Lirio Loreak eta Karidadeko masokistak.
Ekainaren 12an Gernika-Lumon eta Leioan lehiatu zituzten azkenengo kanporaketak. Gernika-Lumon, DuranGALDUEK nagusitu zitzaien Busturialdeko Nik dakit ba! eta Uribe Kostako Karidadeko masokistak taldeei, eta Leioan, berriz, Ezkerraldeko eta Enkarterriko bertsolariek osatutako Far Westeko Bertsolariak taldeak lortu zituen puntu gehien, Leioako Bertsolariak taldearen kontra.