Saezmiera eta De La Hera hegan, Salome Campos Itsas Zeharkaldiaren itzuleran
Eneko Saezmiera eta Andrea De La Hera nagusitu ziren atzo [irailak 4] XI. Salome Campos Itsas Zeharkaldiaren proba nagusian. Parte hartzaileak "oso pozik" gelditu direla eta, probaren balorazio positiboa egin du antolakuntzak.
Iazko geldialdia eta gero, indartsu itzuli zen atzo [irailak 5] Bermeoko portua eta Izaro uhartea lotzen dituen Salome Campos Itsas Zeharkaldia. Igeriketa probaren hamaikagarren aldiak 500 igerilari baino gehiago batu zituen goizean, eta asko izan ziren ere, zeharkaldiaz bertatik bertara gozatu eta igerilariak animatzeko olatu-hormaraino bertaratu zirenak. Bermeo-Izaro-Bermeo: Eneko Saezmiera eta Andrea de la Hera izan ziren 5.000 metroko ibilbidea egiten azkarrenak.
Jendearen joan-etorria zela eta, goizeko lehen ordutik igarri zen portuan zerbait berezia berotzen ari zela. Igerilariek beraien poltsa jaso zuten eta neopreno edo bainujantziak jantzi eta beroketak egitera ekin zioten. Ohi legez 5.000, 1.500 eta 500 metroko zeharkaldiak egin zituztenez, batzuen itxaronaldia luzeagoa izan bazen ere, elkar ezagutu, animatu eta zeharkaldiaren ezaugarria den lehia osasuntsuaren adibide eman zuten.

Gaztetxoentzat prestatutako 500 metroko ibilbidekoak izan ziren uretaratzen lehenak. Txano berdea bereizgarri zutela, kaiaren eremu barruan aritu ziren ahalik eta marka onena lortzeko helburuagaz eta Lucia Gregoria Martinez logroñoarra eta Asier Garcia oiondarra izan ziren azkarrenak. Nesken podiuma Gabriela Martinez logroñoarrak eta Maui de la Fuente donostiarrak osatu zuten eta, mutilena, berriz, Anton Salinas getxoztarrak eta Martzel Asteinza bermeotarrak. Hirugarren sariaz gain, Kikunbera Igeriketa Klubeko igerilari gaztea mutil bermeotar azkarrena izan zen; neskei dagokionez berriz, Irune Rodriguezek jaso zuen saria.
“Irabazteko asmoz etorri naiz, eta pozik noa”, aitortu zuen Martinezek saria jaso ostean. Hirugarren aldiz izan zen Bermeon, eta hirugarren txapela lortu zuen. Zeharkaldia irabazteko gakoa joaneko luzean ikusi zuen, itsasoaren egoerak “indar asko izatea” eskatzen baitzuen: “Olatu erraldoiak zeuden eta ia-ia ezin zen aurrera egin. Itzuleran baina nahiko gustura sentitu naiz, erosoago ibili naiz igeriketan. Lehen metroetako oroitzapen oso txarra dut, ur asko irentsi baitut”. Esperientziaren balorazio “positiboa” egin du halere, berriro ere errepikatuko duela baieztatuz.
Laugarren txapela.
11:30 aldera hasi zuten proba nagusia, “triangelu itxura” duen 5 kilometroko ibilbidea, txano gorriz identifikatutako igerilariek. Egin beharreko lanak aurretik ondo ezagunak zituzten igerilariak zeuden irteera lerroan, horietako bat, proba horretako bere laugarren txapela eskuratzeko helburuagaz bertaratu zen De la Hera getxoztarra. Sailkapen orokorrean hirugarren amaitu zuen, baina bere kategorian, emakumezkoenetan, eguneko denbora onena egin zuen: 01.13.00. Bere atzetik sailkatu ziren Ana Vega donostiarra (01.17.47) eta Sara Fernandez burgostarra (01.24.44).

Salome Campos Itsas Zeharkaldiko txapela soinean zuela, aurten proba “nahiko gogorra” egin zaiola aitortu zuen De La Herak: “Haize handia eta olatu asko zeuden uretan. Lehenengo mutilekin batera joan naiz eta taldetxoan ondo moldatu banaiz ere, orientatzea zail samarra egin zait; eskerrak gure aurretik ontzi bat etorri dela”. Ahalegin fisikoaren eta poztasunaren ondorioz getxoztarrak ez zuen aurtengoa zenbatgarren zeharkaldia zuen gogoratzen, bai ordea laugarren txapela eskuratu berri zuela: “Oso pozik nago. Bermeokoa zeharkaldirik onena da, baita sari onena duena ere kar kar kar”. Izan ere, hiru distantzietako gizonezko eta emakumezko igerilari irabazleek euren pisua kontserbatan jaso zuten.
Hala, sailkapen orokorrean nagusitu den Saezmiera santurtziarrak ere txapela eta eta 83 kilo kontserba lortu zituen, 5.000 metroak 01.12.10ko denboran amaituta. Alex Ojanguren (01.12.57) eta Fernando Tellez (01.15.07) izan ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren sailkatuak.

De la Herari bezala, Izarorako bidean olatuak aurrez jotzen ziela eta, joana “nahiko gogorra” egin zitzaion santurtziarrari: “Olatuaren kontra borrokatu behar izan dugu uhartera bidean baina, gero, Izaroko zatian, nahiko ondo igeri egin dut. Portura itzulera, olatuak atzetik ematen zuenez askoz hobeto sentitu naiz eta igeriketan nabaritu dut niri horrela igeri egitea gustatzen zaidalako”. Bermeoko zeharkaldian lehenengo aldiz parte hartu du Saezmierak eta “asko gustatu” bazaio ere, “laburra” iruditu zitzaion, proba luzeagoak egitera ohituta baitago. Halere, errepikatzeko prest dagoela adierazi zuen.
Bermeotarrek txalo artean hartu zituzten distantzia horretan azkarrenak izan ziren Aaron Allika (01.26.55) eta Leire Begoña (01.34.15) herrikideak ere.
Proba luzekoek ordu erdi zeramaten uretan 1.500ekoek lanari ekin ziotenean. Txano laranja jantzita, Mattin Zubeldia izan zen distantzia horretan azkarrena (17 minutu) eta, Unai Garcia (17.04) eta Mikel Martin (17.35), berarekin oholtzara igo eta gizonezkoen podiuma osatu zutenak. Ariadna Malo getxoztarra emakume azkarrena izateaz gain, hirugarren amaitu zuen gizonezkoak eta emakumezkoak barnebiltzen zituen sailkapena orokorra: 17 minutu eta 16 segundoan egin zuen kilometro eta erdia. Bigarren eta hirugarrenak Irene Ramon busturiarra (20.39) eta Lorea Diaz de Espada vianarra (21.35) izan ziren, hurrenez hurren. Bermeotar arinenak Lander Torrontegi (19.57) eta Jone Landaluze (23 minutu) izan ziren.

Balorazio “oso ona”.
Iaz atseden hartu eta Salome Campos Itsas Zeharkaldiaren etorkizunaz hausnartzeko eten bat hartu eta gero, antolatzaileak ilusioz beterik baina “urduri” aritu ziren goiz guztian zehar, ekitaldiaren lanaren prestakuntzan egin duten lan guztiaren ostean “denak ondo irteteko nahiagaz”. Proba amaituta, egunaren lehen balorazioa “oso ona” dela nabarmendu zuten: “Balorazioa oso ona da. Jendea oso pozik etortzen da eta askok antolakuntza lanagatik zoriontzen gaituzte urtero. Datorren urterako hobetu beharreko puntu batzuk identifikatu baditugu ere, guretzat balorazioa ona da beste urte batez”.

Bai izena emateko prozesuan berandu ibili direlako bai kanpotik ikusita uretaratzeko gogoa sentitu dutelako, “asko” izan dira antolatzaileengana hurbildu eta 12. aldian parte hartzeko interesa erakutsi dutenak; horrek eta atzo dena ondo irten zela ikusteak azken hilabeteetako lanak merezi izan duenaren sentsazioagaz utzi ditu arduradunak.