Hiru pertsona atxilotu dituzte, haurdun dagoen 14 urteko neska bat ezkontzera behartzea leporatuta
Ikertutakoak adingabearen gurasoak eta ustez erritu tradizional errumaniarraren bidez berarekin ezkonduta zegoen 27 urteko gizon bat dira. Ikerketak jarraitu bitartean behin-behinean aske utzi ditu epaileak.
Ertzaintzaren Ikerketa Kriminaleko Atal Nagusiak (SECIC) haurdun dagoen 14 urteko neska baten gurasoak eta 27 urteko gizon bat atxilotu zituen atzo [irailak 4] Gernikan, Azkena, ustez, “Errumaniako erritu tradizionalaren bidez adingabeagaz ezkonduta” dago. Polizia eginbideak amaituta epailearen esku utzi zituzten agenteek bart, eta honek behin-behinean aske utzi ditu.
Era berean, aitatasuna egozten zaion 17 urteko gazte bat ikertzen ari dira adingabeari sexu-erasoa egitea leporatuta. Oraindik ezin izan dute aurkitu.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, adingabea eta 27 urteko gizona nerabearen gurasoen etxean bizi ziren, horiek izan baitziren bien arteko harremana “onartu, erraztu eta baimendu” zutenak. Ertzaintzak martxan dituen ikerketen helburuetako bat gurasoek “ezkontza-harreman hori ezartzean izan duten parte-hartzea zehaztu” eta adingabearen kontrola “familia-eremutik ezkondutako gizon helduarengana transferitu” duten zehaztea da.
Nerabearen gurasoei “gizakien salerosketarako delitua” eta beraien alabari egindako sexu-eraso delitua egozten dizkiete, “beharrezko laguntzaile gisa”. Gainera, ez-egiteagatiko balizko erantzukizuna ere aztertzen ari dira, “ez dituztelako gertaerak eragotzi eta senar-emazteen arteko harremana familiaren etxebizitzan egitea ahalbidetu dutelako”.
Bestetik, 27 urteko gizonezkoari gizakien salerosketa delitua eta adingabeari sexu-erasoa egitea egotzi diete. Pertsona horrek beste prozedura polizial bati lotutako atxilotu eta aurkezteko agindu judiziala zuen.
Modu berean. SECICek zabalik du haurraren aitatasuna egozten zaion 17 urteko gazteari buruzko ikerketa, ustez adingabeari egindako sexu-eraso delitu batean parte hartzeagatik.
Gernikako Auzitegiko guardiako epaileak hiru atxilotuak behin-behinean aske utzi baditu ere, bertatik deituz gero auzitegira joan beharko dute. 27 urteko gizonezkoari pasaportea kendu eta Espainiatik irteteko debekua ezarri diote; gainera, astero epaitegira bertaratu beharko da.
Bost hilabeteko haurdunaldia duen nerabea Bizkaiko foru-zerbitzuen tutoretzapean eta babespean gelditu da.