Hamar urtetan 726 herritarrek erabili dute poltsa konpostagarriak biltzeko zerbitzua
Martxan dagoenetik, 835 herritarrek izena eman dute zerbitzuan. Gernika-Lumoko Udalak «urtero 80.000 poltsa» banatzea aurreikusten du.
Hondakin organikoak etxean bereizi ahal izateko helburuagaz ezarri zen gaikako bilketa sistemak hamarkada bat darama martxan Gernika-Lumon. Udalak hondakin horiek biltzeko edukiontzi marroi itxiak ipini zituen kaleetan eta, “tratamendu egokia” egiten zela bermatzeko, poltsa konpostagarriak “doan banatzeko sistema” ezarri zuen. Hamar urte beranduago, 835 dira sisteman izena eman duten herritarrak, eta horietatik 726k poltsak erabili dituzte noizbait.
Bereiztea, aurreztea.
Hondakin organikoak behar bezala bereiztea “erantzukizun partekatua” izateaz gain, hondakinen “kudeaketa eraginkorragoa egiteko aukera” ere badela nabarmendu du Jon Lejarraga Ingurumen zinegotziak: “Edukiontzi marroira botatzen den poltsa bakoitzak materia organikoaren tratamendua hobetzen laguntzen du, eta, aldi berean, hondakin nahastuen kudeaketaren kostua murrizteko aukera ematen du”.
Izan ere, materia organikoaren bereizketa “kutxa publikoentzako aurrezkia” ere badela gogoratu dute udaletik, hondakin horien kilo bat kudeatzearen kostua “hondakin nahasien kilo bat kudeatzearen erdia” baita. Hala, hondakinen kopurua murrizteaz gain, bereizketak horien “tratamendua merkatzea ahalbidetzen” du.
2016an ezarritako neurria mantenduta, udalak “herritarrei hondakinen bereizketa errazteko eta gaikako bilketaren tasak hobetzeko apustuari eutsi” gura dio. Horregatik, datozen bi urteetarako hornidura kontratu berria esleitu du, “urtero 80.000 poltsa konpostagarri” eskatzeko aurreikuspenagaz: “Poltsak doakoak izango dira herritarrentzat”.
Zerbitzua erabiltzeko, herritarrek HAZen alta eman beharko dute; bertan, makina banatzailean sartzeko kodea jasoko dute. Poltsen banaketa kultur etxeko beheko solairuan egiten dute.