Yoga, pilates eta mantentze ikastaroak eskainiko dituzte Muruetan
Ikasturte honetan mantentze, pilates eta yoga ikastaroak eskainiko ditu Muruetako Udalak. Urriaren 1ean hasiko dituzte, eta ekainaren 30a bitartean landuko dituzte.
Ikastaroetan parte hartzeko udaletxean izena eman behar da, eta barikua da — 14:00ak arte— horretarako azkenengo eguna. Udal bulegora bertaratzerik ez daukatenek, posta elektronikoz izena eman dezakete, udala@murueta.eus helbide elektronikora mezua bidalita.
Ikastaro bakoitzean zortzi pertsonako taldeak osatuko dituzte. Izen emateekin kopuru hori gaindituz gero, eskatzaileen artean zozketa egingo dute. Muruetan erroldatutakoek lehentasuna daukate, eta pertsona bakoitzak gutxienez ikastaro batera joateko aukera izan dezala bermatzen saiatuko direla jakinarazi dute: “Izena emateko epea amaitu eta plazak esleitu ondoren, ikastaroren batean plazarik libre geratuko balitz, beste izen- emate epe bat irekiko da plaza horiek betetzeko. Plaza hutsen esleipena plaza kopuruaren eta udalak ezarritako irizpideen arabera egingo da”.
Ordutegiak. Astelehenetan pilates ikastaroa emango dute, 19:30etik 20:30era. Eguaztenetan, berriz, 18:00etatik 19:00etara izango da pilates ikastaroa, eta 19:30etik 20:30era yogako taldea ariko da. Eguenetan emango dute mantentze saioa, 19:30etik 20:30era bitarteko ordutegian. Ikastaroen prezioari dagokionez, modalitate bakoitzeko urte osoko kuota 130 eurotan ezarri dute.