Hiru eguneko parranda nagusia
Uda amaitzear dagoela iragartzen du Ieko Parranda Nagusiak. Hiru egunez, jai giroz bete dute eskualdeko herri txikia, eta orain, ikasturte berriari ekiteko prest daude herritarrak.
Eguen arratsaldean txupinazoak iragarri zuen parranda nagusia. Jarraian, ume, gazte zein nagusiek hainbat jolas egin zituzten kuadrilletan elkartuta, tartean, sokatira, zaku lasterketa eta txupito bilketa. Iluntzean eta gauean, musika nagusi izan zen; lehenengo Kittu taldekoen eskutik, eta gero, berriz, txosnako musikarekin. Barikuan, ostera, askotariko lehiak izan ziren protagonistak: tortilla txapelketa, gaztelu lehiaketa, mus txapelketa, kukaña… Iluntzean kantu poteoan elkartu ziren, eta gaua musikaz bete zuten, Swaggerri eta depardieu eta Dirua Dj-arekin.

Zapatuko mozorro jaitsiera.Ieko Parranda Nagusia
Ekitaldiek harrera ona eduki dutela azpimarratu dute antolatzaileek: “Aurtengo ekitaldiak oso ondo joan dira. Gainera, aurten Kuadrillen Txapelketa proposatu dugu, eta pentsatu genuena baino hobeto atera zen. Barikuan urtero legez, tortillen txapelketa eta umeentzako gaztelu txapelketa antolatu genituen, eta beti bezala giro oso ona egon zen. Gainera, hiru egunetan kantu poteoaz eta txarangaz gozatu du herri osoak”.
Mozorrotuta. Zapatuan ospatu zuten parranda handiaren azkenengo eguna. Eguerdian umeen jolasetan gozatu zuten eta Merhezi trikipoteoarekin girotu zituzten bazterrak.
Arratsaldea, berriz, irudimena eta koloreak uztartzeko momentua izan zen. Mozorro jaitsieraren ostean, Sakatu elektrotxarangako lagunekin gorputzak mugitzeko tartea hartu zuten, eta giro beroari eutsiz, Dj Xmike-rekin lehertu zuten gaua. Gainera, goizaldean bingoa ere eduki zuten aukeran.
Antolakuntzako kideek gogoratu bezala, elkartzeko eta udal elkarrekin agurtzeko jai handia da: “Ieko Parranda Nagusia ospatzen dugu Eako kuadrilla danon artean giro ona sortzeko, uda zarratzeko, eta gazteontzako eskaintza bat proposatzeko, guk autogestionatzen dugulako, herrikoen, udatiarren, herriko tabernen eta udalaren laguntzagaz. 18 urte betetzen dituztenen kuadrilla bateko kide guztiek txanda hartzen dute abuztu amaierako jai hau antolatzeko. Gure ideia nagusia herri osoa batzea da, bai udatiarrak, bai urte osoko biztanleak. Uda denon artean agurtzea lortu nahi dugu”.