Herriko jaiak azken unera arte gozatzeko gogoz
Tabernazarre egunez 42 tortilla aurkeztu zituzten txapelketara, eta mozorro desfilea ere ez zen falta izan; atzo, berriz, goitibehera jaitsiera izan zen eguneko protagonista. Etzi [irailak 2] jarraituko dute egitarauagaz, San Antolin egunean elkartuta.
Etenik gabeko lau egunen ondoren, atseden eguna dute gaur [abuztuak 31] gautegiz arteagarrek. Iragan eguenean [abuztuak 27] Artiako Gazte Asanbladak antolatutako Gazte Egunagaz Antolin Deuna jaiak goi-goitik hasi ostean, festa giroa asteburu guztian zehar mantendu dute Gautegiz Arteagan; horren erakusle dira, besteak beste, zapatuko [abuztuak 29] tortilla txapelketak eta atzoko [abuztuak 30] goitibehera jaitsierak izandako erantzuna.
Txupinazo Eguna ospatu zuten barikuan [abuztuak 28] eta, ohi legez, ez ziren Artie Dantza Taldekoen emanaldia edota kontzertuak falta izan: Sueder eta Txapela Brava taldeek girotu zuten goizeko ordu txikitara arte luzatu zen festa. Biharamunean baina, tortilla onena prestatzeko gai zirela erakusteko asmoz hurreratu ziren denak parkera. Tabernazarre eguneko tortilla txapelketara 42 tortilla aurkeztu dituzte aurten: 6 umeek egindakoak eta, gainerakoak, helduen kategoriakoak. Epaimahaiaren ustetan umeen mailan 5 zenbakiak kozinatutakoa izan zen gozoena; nagusien mailan, 18 zenbakiagaz, Urdaibai Bird Centerreko lantaldeak lortu zuen sari nagusia.
Eguraldi ona lagun, zuhaitzen gerizpea baliatu zuten herritar askok bazkalondoa luzatu eta DJak jarritako musikaren erritmora dantzatzeko. Iluntzean baina, askotariko mozorroak bihurtu ziren protagonista. Mozorro lehiaketak jarraitu beharreko gai bat izaten du urtero Gautegiz Arteagan eta, aurtengoan, ‘ipuin herrikoiak’ aukeratu dute. Mozorroa jantzi eta ikuskizuna eskaini zutenek zein horien emanaldiaz gozatzera bertaratu zirenek jai giro herrikoiaz gozatu zuten. Festa baina, ez zen lehiaketagaz amaitu, DJ Markelinek eta DJ Fashionek goizaldera arte luzatu zuten jaia.

Egun lasaiagoa eduki zuten atzo, eguerdian ekin baitzioten egitarauari Sustabiz Fundazioaren herri kirol saio parte hartzaileagaz. Umeek, esku pilota partiduez gozatzeaz gain, harri jasotzea edo trontza bezalako diziplinak bertatik bertara ezagutzeko aukera eduki zuten. Arratsaldean, berriz, Gautegiz Arteagako III. Goitibehera Jaitsieraz gozatu zuten: 53 goitibeherak parte hartu zuten. 01.22,528ko denboragaz, Koldo Betanzos eta kopilotu lanetan aritu zen Oier Artetxe izan ziren markarik onena ezarri zutenak.
Mus txapelketak ere erantzun bikaina izan du beste urte batez, 51 bikote aritu baitziren nor baino nor gehiago. Asteburua biribiltzeko, The Mode Cuarteten kontzertuaz gozatzeko elkartu ziren plazan.

San Antolin Eguna.
Gaurko eta biharko [irailak 1] egunak indarrak berreskuratzeko erabiliko dituzte askok, eguaztena [irailak 2] egun handia izango baita gautegiz arteagarrentzat. San Antolin Eguna ospatuko dute, goizetik iluntzera arteko egitarau beteagaz.
Txistulariekin batera San Antolin ermitara igoera eginda hasiko dute eguna 11:00etan, ostean meza nagusia entzuteko. 14:00etan baina, beheranzko bidea hartuko dute, jaitsiera herrikoiagaz. Arratsaldean frontoia izango dute topaleku, ume eta profesionalen partiduak barne hartuko dituen pilota jaialdia antolatu baitute: Zabala-Morgaetxebarria eta Murua-Aranguren bikoteak aterako dira kantxara.
Antolin Deunaren jaiei datorren urtera arte agur esan beharra goxotzeko, txokolatada izango dute aukeran.