Udal ikastaroetan izena emateko epea, bukatzear
Astelehena [abuztuak 31] izango da Nabarnizko Udalak antolatutako yoga eta fitness funtzionala ikastaroetan izena emateko azken eguna.
Nabarnizko Udalak dagoeneko zehaztuta ditu 2026-2027 ikasturtean eskainiko dituen ikastaroak; fitness funtzionala eta yoga. Dagoeneko izena emanda daude batzuk, baina interesa izan eta oraindik urrats hori eman ez dutenek oraindik badute aukera datozen egunetan; izan ere, astelehena [abuztuak 31] izango dute udaletxera bertaratu eta gustuko ikastaroan izena emateko azken eguna.
Fitness funtzionala ikastaroa urriaren 5ean [astelehena] abiatuko dute. Aste bakoitzeko bi saio egingo dituzte, hain zuzen ere, astelehen eta eguaztenetan, 19:10etatik 20:00etara bitartean. Yoga ikastaroa, bestalde, urriaren 1ean [eguena] hasiko dute, eta martitzen eta eguenetan izango dituzte hitzorduak, 18:30etik 20:00etara. Bi ikastaroak ekainaren bukaerararte iraungo dute.
Ikastaroen prezioari dagokionez, bi ikastaroetarako prezio berdina finkatu dute: hilean hilekoa ordaindu nahi dutenek 17 euro ordaindu beharko dute eta hiruhileka egitea nahiago dutenek, berriz, 45 euro.